EMAKUNDE 
Emakundek pandemiari emandako erantzunean genero-ikuspegia txertatzeko gomendioak argitaratu ditu

Emakunderen ustez, COVID-19aren krisiak sortutako lehentasun sanitario, sozial, ekonomiko eta politikoei erantzutean beharrezkoa da genero-ikuspegia txertatzea krisi honen esparruan emakumeen eta gizonen behar eta abiapuntuko egoera desberdinei erantzun ahal izateko. Nazioarteko hainbat erakundek, hala nola Nazio Batuek, Europar Batasunak, Lanaren Nazioarteko erakundeak eta adituek adierazi duten bezala, genero-ikuspegia txertatzeak baldintzatuko du neurri handi batean nola aterako garen krisi honetatik.

Hala, txertatze horri laguntzeko, Emakumearen Euskal Erakundeak bere webgunean gune espezifiko bat ireki du. Bertan, gomendioak egin ditu, eta nazioarteko hainbat erakunderenak ere jaso ditu, epe labur, ertain eta luzean hartzen diren neurriak ahalik eta eraginkorrenak izan daitezen, bai emakumeentzat, bai gizonentzat, eta inor atzean geratu ez dadin, Garapenerako Euskadi Basque Country 2030 Agendak zehazten duen bezala. Espazio hori aldian-aldian osatuko da.

Emakumeen aurkako indarkeria matxistaren kasuetarako arreta-zerbitzuen funtzionamendua bermatzea da lehentasunetako bat, bai eta biktima guztiek zerbitzu horietarako sarbidea izatea ere, haien aniztasuna kontuan hartuta. Euskal Autonomia Erkidegoan zerbitzu horiek funtzionatzen ari dira, eta Emakunde, inplikatutako gainerako erakundeekin lankidetzan, erakundeen erantzuna koordinatzen ari da arlo horretan, bai eta horri buruzko informazioa zabaltzen eta herritarren eskura jartzen ere.

Gainera, krisi honek eragin desberdinak ditu gizonengan eta emakumeengan, adibidez, zaintzaren esparruan, batez ere emakumeak baitira zaintza lanen kargu egiten direnak, bai esparru profesionalean, bai esparru ez-profesionalean; edo enpleguaren esparruan, emakumeak lan-merkatuko desberdintasun-egoera batetik abiatzen baitira. Funtsezkoa da, halaber, adineko pertsonen, guraso bakarreko familien eta egoera bereziki ahulean dauden beste gizarte-talde batzuen premia espezifikoei erantzutea, horietan emakumeak baitira nagusi.

Esparru horietan eta beste batzuetan beharrezkoa eta premiazkoa den erantzunaz gain, nazioarteko eta Europako erakunde nagusiek eta hainbat herrialdek pandemiaren aurreko erantzunean genero-ikuspegia modu integralean txertatzeko beharra adierazi dute, eta horretarako gomendioak eta dokumentuak argitaratu dituzte. Emakundek sortutako gunean besteak beste, erakunde hauek egindako hausnarketa eta gomendioak Bildu ditu: NBE Emakumeak, Nazio Batuen Biztanleria Funtsa (UNFPA), Nazio Batuen Garapenerako Programa (PNUD), Genero Berdintasunerako Europako Institutua (EIGE) eta Europako Kontseilua.

Halaber, maiatzaren hasierarako, Emakundek elkarrizketa eta mahai-inguru birtualak hasiko ditu gaian adituak diren pertsonekin.