Emakundek online eskolaren hirugarren edizioa jarri du abian

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak Emakunderen Berdintasun Eskolaren (EBE) hirugarren edizioa jarri du abian, herritarrak berdintasunaren arloan sentsibilizatu, prestatu eta trebatzeko online gunea. Edizio hau aurreko bi edizioetako esperientzia arrakastatsuaren ondoren jarriko da abian.

www.emakunde.euskadi.eus/berdintasun-eskola helbidearen bidez, kalitatezko prestakuntza eskaintzen da, doakoa eta pertsona bakoitzari egokitua, berdintasunarekin, aniztasunarekin eta feminismoarekin lotutako gaietan interesa duen publiko zabal batengana zuzendua.

“Berdintasunari buruzko prestakuntza berdintasun-politiken oinarrizko zutabea da, eta ezinbestekoa da gizarte honek berdintasunerantz aurrera egiteko behar duen balio-aldaketa bultzatzen laguntzeko”, esan du Miren Elgarresta, Emakundeko zuzendariak.

Aurreko edizioetan 4.000 pertsonak hartu dute parte, eta herritarrek, enpresek eta erakundeek genero-ikuspegia integratuko duen prestakuntza jasotzeko gero eta interes handiagoa dutela berresteko balio izan dute.

Aurreko edizioetan parte hartu duten ikasleen % 80 35 eta 54 urte bitarteko emakumeak dira. Prestakuntza horri buruz egiten den balorazioa oso positiboa da irakasleen mailari eta ikastaroen erabilgarritasunari dagokienez; izan ere, parte-hartzaileen % 90ek baino gehiagok beren bizitza pertsonalerako zein profesionalerako baliagarriak direla uste dute.

Prestakuntza-eskaintza

Emakunderen Berdintasun Eskolak jasotzen duen prestakuntza-eskaintza bederatzi multzo handitan banatuta dago: berdintasuna, generoa eta diskriminazioa, feminismoa eta ahalduntzea, hezkidetza, maskulinitateak, komunikazioa eta publizitatea, enpresa eta enplegua, osasuna, ekonomia feminista eta indarkeria matxistak. Guztira 33 ikastaro dira, 17 euskaraz eta 16 gaztelaniaz.

Ikastaroak urte osoan zehar egiten dira, doakoak dira eta Emakundek ikastaroetan parte hartu izana ziurtatuko du.