Durangon eta Euskal Herriko hainbat tokitan eratu den WikiEmakumeok sareari buruzko dokumentala estreinatuko da datorren martitzenean, 18:00etan, Bilboko BBK Aretoan, Zinebi-Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren ‘Bertoko begiradak’ sailean.
Josi Sierrak zuzendutako ikus-entzunezkoan presentzia azpimarragarria du Durangoko Andereak taldearen baitan eratutako emakume-multzoak, eta gaur egun, besteak beste, talde horretako Marisa Barrena eta Isabel Iraurgi dira “pelikularen epizentroa”.
Gizartean dagoen arrakala digitala zein teknologia berrien erabileran dauden jokabide sexistak ezabatzeko, eta emakumeen parte-hartze aktiboa sustatzearekin batera, WikiEmakumeok ekimenak Wikipedian dagoen genero arrakala murriztu nahi du.
2012an sortutako ekimena
Sierrak zuzentzen duen pelikulak agerian uzten badu Wikiemakumeok ekimena 2015ean hasi zela Euskal Herriko Unibertsitatean, “mugimendu hau 2012 sortu zen Hego Amerikako Argentinan eta Mexikon”.
Euskal Herrian Mentxu Ramilo edo Marta Macho izan ziren lehen eragileak eta Durangon berriz, 2018an egin zituen lehen urratsak, Marisa Barrenaren eraginez. Pelikulan, gainera, “Durangoko emakumeek euskararen eta berdintasunaren alde” egin duten lana azpimarratzen da, Sierraren arabera.
Talde emankorrena
EHUn hasitako ekimenak jarraipena izan du Bilbon, Etxebarrin, Gasteizen, Iruñan eta beste hainbat herritan, baina “gaur egun Durangokoa da talde potenteena eta emankorrena, inongo zalantza izpirik gabe. Emakume horiek egiten duten lana altxorra da” zuzendariaren esanetan.
50 minutu irauten duen ikus-entzunezkoak “Wikipediako editore-taldearen prozesua kontatzen du, Wikiemakumeok taldearen genealogia berreskuratuz”. Pelikulan agertzen diren emakumeak ekimena nondik datorren azaltzen dute eta zer egiten duten astero Wikipedian emakumeen eta gizonen biografien arteko oreka bilatzeko; azken finean, mundu digitalean ere, berdintasun handiagoa lortzeko.
Pelikulari ‘DonKumental KORALboratiboa. WikiEmakumeOk taldearen genealogiaz ’ azpititulu inklusiboa jarri diote, “hika hizkeran erabiltzen diren ‘dok’ eta ‘don’ hitzekin jolastu nahi izan dugulako. Gainera, taldeetan parte hartzen duten emakumeen lana korala eta kolaboratiboa dela goraipatu nahi izan dugu”, zuzendariaren esanetan.