Emakumeen errebolta Eliza katolikoan

Eliza katolikoko emakume asko nekatuta daude jasaten duten diskriminazioaz eta horregatik aurtengo Martxoaren 8rako errebolta feminista antolatu dute Madrilgo feministek egindako deialdiarekin bat eginez. Pazientzia agortu zaie eta “Berdintasuna ohitura egin arte” ez direla geldituko ohartarazi dute.

Kanpaina elizako andra talde askok antolatu dute, tartean Madrilgo Mujeres y Teología, Asociación de Teólogas de España, Red Miriam de Espiritualidad Ignaciana, Colectivo Agar, Mujeres de Alandar, JEC, Profesionales Cristianas eta parrokietako eta hainbat komunitatetako emakumeek.

Ateratako komunikatuan “era askotako injustiziak eta inbisibilizazioa” salatu dituzte. Haien ustez, berdintasunarekin lotutako lorpenetatik kanpo geratzen ari da eliza. Klerikalismoari botatzen diote errua. Baita emakume laikoek eta erlijiosoek jasaten duten biolentzia negargarriaren erantzukizuna ere.

“Bolondres lanetan, katekesian, ospakizun erlijisoetan, errekurtsorik gabeko pertsonekin egindako gizarte ekintzan… gehiengoa gara”

Antolatu duten protesten bidez, euren lan nekaezina eta debaldekoa bistaratu nahi dute. “Bolondres lanetan, katekesian, ospakizun erlijisoetan, errekurtsorik gabeko pertsonekin egindako gizarte ekintzan, hezkuntzan eta komunitate erlijisoetan emakumeak erabateko gehiengoa gara”, diote.

Hala eta guztiz ere, “hitza, erabakiak hartzeko gaitasuna, lidergoa… ukatzen zaizkigu”. Are gehiago: “Elizak baztertu, mespretxatu eta isildu egiten gaitu”, azpimarratu dute . Horren erakusle da “orokorrean gizonei lanak arintzeko zereginak eskaintzen” dizkietela. Azkenean, “elizari ematen dioguna eta bertatik jasotzen dugunaren artean” alde handia dagoela nabarmendu dute.

Helburuak

Amazoniako sinodoari buruzko aholku apostoliko baten bidez, Francisco aita santuak uko egin dio emakumeak diakono izendatzeari (abade izateko aurreko pausua) eta bertako komunitateak hobeto artatzeko gizon eskonduak apaiz egiteari.

Koldarkeria eta teologia zaharkituaren eragina ikusten dute adierazpen horren atzean. Eta teologia ez da eguneratzen, haien ustez, ondo prestatutako emakume teologoak ez dituztelako onartzen ez Teologia fakultateetan ezta beste goi mailako postuetan ere.

‘Aski da!’ ohiuarekin euren agendaren puntuak zehaztu dituzte. Elizaren barruan landuko dituzten helburuak hauek dira:

Feminismoa elizan txertatzea: Abadetza emakumeentzat, teologia feminista aintzat hartzea, emakumeen ekarpenak baloratzea, eleizaren morala samurtasunez eta errukitasunez betetzea emakumeei kulpa kenduta eta lenguaia patriarkala baztertzea eskatzen dute.

Beste mugimendu askatzaile batzuekin harremana izatea: erakunde feminista eta LGTBIrekin eta sexu orientazioaren aniztasuna eta familia eredu desberdinen errekonozimendua lortu nahi dute.

Neoliberalismoa salatzea: sistemak lurra espoliatzen du eta bizi baldintza duinak izateko aukera kentzen dizkie pertsona askori, bereziki emakumeei. Sistemak, gainera, andron sexu eta lan esplotazioa sustatzen ditu.

Elizako emakumeen mugimendua mundu osoan dago martxan. Beste herrialde batzuetan ere protestak antolatu dituzte.

Orain dela 20 urte, 2000. urtean,  elizako emakume talde feministek Madrilgo katedralaren aurrean protestatu zuten Emakumeen Jubileuaren barruan. Aurten ere, elkarretaratzea deitu dute martxoaren 1ean hainbat hiribururen katedralen aurrean. Kontzentrazioak Zaragozan, Madrilen eta Sevillan 12etan izango dira eta Bartzelonan 11etan. Balentzian 8an, 12etan eta Bilbon 15ean ordu berean egingo dira. Horretaz gain, otoitz, hausnarketa, musika, isiltasuna eta kantuak erabiliko dituzte protesta gisa.