Emakumeen aurkako indarkeria-delituak %14,6 igo dira urtebetean EAEn

2022ko urtarriletik irailera bitartean, Ertzaintzak bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako, etxean gertatutako edo sexu-askatasunaren kontrako 4.591 delitu erregistratu ditu emakumearen kontrako indarkeria-kategoria ezberdinetan.

Iazko aldi berarekin alderatuta, era horretako delituek % 14,6 egin dute gora. Denboraldi horretan, Ertzaintzak delitu horien biktima izan diren 3.696 emakume zenbatu ditu, eta 2021eko denboraldi berari dagokionez igoera % 13,2koa izan da, beraz.

Lurralde historikoen arabera, kopuru handienak, bai kasuei dagokienez bai biktima izan diren emakumeei dagokienez, Bizkaian erregistratu dira; baina ehunekoa kontuan hartuta, era horretako delituek Gipuzkoan egin duten gora gehien, eta igoera % 20koa izan da.

Sexu-erasoak 33tik 58ra igo dira, aurreko urtean baino % 75,76 gehiago

Aurten, orain arte, ez da bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako homizidiorik izan (genero-indarkeria), baina saiakuntza gradukotzat jo diren 4 ahalegin zenbatu dira (2021ean bezala). Aitzitik, homizidio burutu bat eta saiakuntza bat erregistratu dira familiaren esparruan (familia barruko indarkeria). Aurtengo apirilean, Felisa, 90 urtekoa, Gurutzetako ospitalean hil zen Barakaldon berarekin etxean bizi zen semeak eragin zizkion lesioen ondorioz.

Sexu-erasoak

Ertzaintzak 2022an jasotako salaketa-kopuru handiena bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria kasuengatik jaso du berriz ere, 3.227 zehazki, eta aurreko urtearekin alderatuta igoera % 17,2koa izan da, beraz. Horietatik gehienak ohiko tratu txar fisikoak, irainak, laidoak eta lesioak dira, eta, ondoren, askatasunaren aurkako delituak, batez ere, mehatxuak, hertsapenak edo jazarpena.

Emakumeen kontrako eraso gehien izaten den bigarren ingurune nagusia familia-ingurunea da (familia barruko indarkeria, bikotekidea edo bikotekidea kenduta), eta aurten, orain arte, 867 kasu erregistratu dira, aurreko urtearekiko % 1,6ko igoera izan da, iaz 853 kasu erregistratu baitziren.

Azkenik, igoera aipagarria izan da, 2022ko eta 2021eko aldiak alderatuta, sexu-askatasunaren kontrako delituen atalean: 397 kasu erregistratu dira, aurreko urtean baino % 27,2 gehiago, iaz 312 kasu izan baitziren. Gehienak “sexu-abusuak” izan dira (Zigor Kodearen aldaketaren aurreko katalogazioaren arabera), baina nabarmentzekoa da sexu-erasoak direla gora gehien egin dutenak, 33tik 58ra igo baitira Euskadin erregistratutako kasuak, aurreko urtean baino % 75,76 gehiago. Gainera, sexu-eraso larrienek ere gora egiten jarraitzen dute: 2021ean 33 erregistratu ziren eta aurten, 2022an, 62 gertatu dira, hau da, % 40,9 gehiago.

5.144 emakume babestuta

Ertzaintzaren jarduera-ardatz nagusietako bat indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen babes integralera bideratzen dena da. Ertzaintzaren ertzain-etxe guztietan daude era horretako indarkeriaren biktima diren emakumeak artatzeaz bakarrik arduratzen diren taldeak. Horrez gainera, Herritarren Babeserako agente bakoitzak eguneko lanaldiaren zati bat bere mugapeko emakumeen aurkako indarkeria-kasuen jarraipena eta horien inguruko jarduketak egiteari eskaintzen dio.

Emakume bakoitzaren arriskuaren ebaluazioa 4 mailatan sailkatzen da (oinarrizkoa, moderatua, handia eta berezia), eta horien arabera esleitzen zaizkie dagozkien babes-neurriak. Une hauetan 5.144 emakumek dute Ertzaintzaren nolabaiteko babesa salaketa jarri ondoren eta poliziak biktimaren egoeraren berri izan ondoren. Emakume horietatik 3.391k epailearen aginduz dute babesa eta gainerako 1.753k biktima bakoitzaren arriskua aztertzen duten polizia-protokoloak kontuan izanda.