Emakumeen alhalduntzea era askotan lantzen da. Batzuetan hainbai gairi buruzko ikastaroak antolatzen dira ikasleek eskatuta. Bilbon nigeriar batzuek joskintza ikastaro batean parte hartu dute euren lurrandean egiten zuten lanean trebatzeko. Formakuntza amaitu ondoren tailer-denda batean dabiltza lanean. Moda afrikarra josten eta saltzen dute. Esperientzia hori ikaragarria iruditu zitzaion Ainhoa Urgoitia zinemagileari eta 19 minutuko dokumentala egin du emakume horien ibilbidea kontatzeko. Lanak ‘Cosiendo futuros’ du izenburua eta Golem zineman estreinatuko da uztailean. Hortik aurrera beste areto batzuetan emanaldiak antolatzea espero du.
“Inmigrazioa ez dago ondo ikusita”
Denda-tailerra Bilbo Zaharrean dago. Urgoitia auzo horretan bizi da eta mugimendu sozialetan esku hartzen du. Bizipen horren bidez “inmigrazioa San Frantziskon ondo ikusita ez dagoela” konturatu da. Gainera, Afrika herrialdetzat hartzen dela eta afrikar guztiekiko errezeloa sumatzen dela dio. Andrek, ostera, diskriminazio handiagoa pairatzen dute, “batetik, emakumeak direlako eta bestetik, pobreak direlako”.
Bere iritzian, inmigrazioaren inguruan uste faltsuak daude eta hori elkarren arteko ezezagutzaren ondorioa da. Horrela “afrikarrek dakarten aberastasuna galtzen ari gara”. Horretaz gain, emakumeek ez daukatela gizartean integratzeko erraztasunik “bakarrik daudelako eta hizkuntza menperatzen ez dutelako” konturatu da.
Eztabaida piztea eta estereotipoak apurtzea
Bilboko gizartearen “miseria horiek guztiak ikusita” dokumentala egitea bururatu zitzaion zinemagileari “eztabaida pizteko eta planteamendu berriak sortzeko”. Estereotipoak apurtzeaz gain, miresten dituen jostun afrikarren lana erakustea da dokumentalaren asmoa. Zazpi emakumeren istorioa da, Nigeria eta Marokotik etorritakoak. Egin zuten ikastaroa Askabide elkarteak antolatu zuen. Amaitu ondoren arropa marka bat sortu zuten, Mari Makeda. Izenak bi jainkosari egiten die erreferentzia, bata euskalduna eta bestea afrikarra. Egitasmoak Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntzak lortu ditu eta Askabidek kudeatzen du.
Filmazioa hiru egunetan egin zen. Lana nola antolatzen duten, euren arteko harremana eta mundu-ikuskera islatzen ditu dokumentalak. “Batzuek lan enkarguak jasotzen dituzte, beste batzuek ez dute hizkuntza menperatzen baina gainontzekoen laguntza hartzen dute. Euren artean ondo konpontzen dira. Ez zaie ardura nondik datorren bakoitza. Haientzat bizitza aurrera ateratzea da garrantzitsuena”.
“Zer gara klase ertaineko feministok?”
Emakume horien errealitatera hurbiltzean gogoeta batzuk egin ditu Urgoitiak. Bat feminismoarekin lotutakoa. Bere esanetan, feminismoa izugarrizko babesa izango litzateke kanpoko emakumeentzat baina ez dago gertutasunik.“Oso feministak gara, manifestazioetara joaten gara baina zer egiten dugu emakume txiroekin? Askotan ahaztu egiten ditugu eta hori ezinezkoa da, beraiek mugimenduaren ardatz izan beharko lukete eta ez ditugu kontuan hartzen. Zer gara azkenean klase ertaineko feministok?”
Urgoitiaren iritzian, migranteak prest daude bertakoekin elkartzeko “baina hizkuntzaren muga daukate eta guk ez dakigu eurekin nola jokatu eta azkenean ezerezean geratzen da dena”.
“Guk arazo txikietatik mundu bat egiten dugu”
Zer pentsa eman dion beste gauza bat da erlatibizatzeko duten gaitasuna. “Guk arazo txikietatik mundu bat egiten dugu eta beraiek badakite zer den axola handikoa eta zer ez. Emakume horiek seme-alabak inolako laguntzarik gabe ateratzen dituzte aurrera eta gu ez dakit kapaz izango ginatekeen horretarako dugun bizitza planteamenduarekin. Hori azaldu nahi nuen”.
Zinemagileari euren komunitate-ikuspuntuak ere atentzioa eman dio. “Jatorrizko herrialdeetako jendearen bizimodua hobetzea dute amets. Hemen asko daukatela diote, nahiz eta pobreak izan. Batek dio: ‘Nire herrialdean tripa guztiak betetzen ditugu plater batean zerbait egonez gero’. Hara bidali nahi dute daukaten guztia”.
Esperientziatik atera duen ondorioa zera da: “Gurekin harremanetan egongo balira mila buelta emango lizkigukete kontu askotan eta pena ematen dit bi norabideko harreman horren aberastasuna galtzeak”.