Ikerketaren eta arlo akademikoaren mihise zirraragarrian, genero-berdintasunaren
pintzelkadek ez dute soilik justizia-koadro bat margotzen, ezagutzaren funtsa ere
zizelkatzen dute horrekin batera. Maiatzaren 25ean izango den Afrikaren Mundu Eguna
dela-eta, funtsezkoa da Afrikako emakumeek ikerketan duten ezinbesteko rola eta haien
potentzialean inbertitzeak duen inpaktua zein den onartzea.
Afrikako emakumeak ikerketan aritu daitezen gaitzea ez da soilik kristalezko sabaiak
apurtzea, horrekin batera hezkuntzarako sarbidea mugatzen duten, aurreiritzi
instituzionalak betikotzen dituzten eta emakumeek egiten dituzten ekarpenak gutxiesten
dituzten kultura-arauak iraunarazten dituzten oztopoak suntsitu behar dira. Imajinatu
ditzagun entzun gabe geratzen diren ezagutzaren sinfoniak, aztertu gabe geratzen diren
ulermenaren koloreak gure lan-indar intelektualaren erdia baztertuta geratzen denean.
Afrikako emakume ikertzaileetan inbertitzea ez da soilik balantza orekatzea, komunitate
afrikarrei buruz dugun ulerkuntza estaltzen duten ezjakintasunaren amildegiak eta
ikerketaren hutsuneak betetzea ere bada. Mendeetako jakinduriaren oihartzuna daramate
haien ahotsek, ezagutzetan eta tokiko esperientzietan errotutako jakinduriarena, eta
testu-liburuak beren kabuz soilik inoiz transmititu ezin izango lituzketen ikuspegiak
eskaintzen dituzte.
Zoritxarrari aurre eginez, Afrikako emakume ikertzaile ugari agertu dira erresistentziaren
eta erabakitasunaren argi bide-erakusle gisa, eta historiaren liburuetan betirako jasota
geratu dira haien istorioak. Berrikuntza-laborategietatik gizarte-aldaketaren arloetara,
etorriko diren belaunaldien inspirazio-iturri dira, eta pasioa dagoen tokian aukera
mugagabeak daudela erakusten dute.
Afrikako atsotitz batek dioenez, ‘Gizon bat hezten duzunean, gizabanako bat hezten duzu, baina emakume bat hezten duzunean, nazio bat hezten duzu’.
Haatik, Afrikako emakume ikertzaileen bidea ez da bakarrik egitekoa, baizik eta
komunitate osoaren parte-hartzearen eta kolaborazioaren bidez egitekoa. Arlo
akademikoaren eta tokiko komunitateen arteko zubiak egitean, aldaketarako zubibide
bihurtzen da ikerketa, denbora askoan isildutako ahotsak anplifikatuz eta jendearen
premia larriei erantzunez.
Dena den, Afrikako emakume ikertzaileek aurrera egin dezaten, estimulu bat baino zerbait
gehiago behar dute, babes-egitura bat behar dute: ikerketa-azpiegituretan egin beharreko
inbertsioa, finantzaketa, tutoretza, eta beren talentua lantzeko eta etorkizuneko
aurkikuntzetarako bidea berdintzeko harremanak ezartzeko aukerak.
Komunitate ikertzailearen lidertzaren kapak bere azpian hartzen duen aniztasuna ere
islatu behar du. Afrikako emakumeek lidertza-postuetan ordezkaritza handiagoa izatea ez
da solik estereotipoak desagerraraztea, baizik eta ikuspegi guztien ahalmena
aprobetxatzea berrikuntza bultzatzeko, inklusioa sustatzeko eta guztien premiei
erantzungo dieten ikerketa-programak lantzeko.
Afrikako emakume ikertzaileen lorpenak eta arrakastak ospatzen ditugun bitartean, izen
handiko ikertzaileak –hala nola Mwele Ntuli Malecela, Quarraisha Abdool Karim, Wangari
Muta Maathai edo Wendy Okolo– direla edo hain ezagunak ez diren beste hainbat direla
ere, ez gaitezen haien merezimenduak txalotzera mugatu eta onartu dezagun halaber
haien ekarpenek izandako domino-efektua. Aurkikuntza bakoitza, aurrerapauso bakoitza,
ezagutzaren aurrerabidearekin, gizarte-aldaketa bultzatzearekin eta pertsonen bizitza
hobetzearekin duten konpromiso apurtezinaren lekukotza da, ez bakarrik Afrikan, baizik
eta mundu osoan.
Afrikako atsotitz batek dioenez, «Gizon bat hezten duzunean, gizabanako bat hezten duzu,
baina emakume bat hezten duzunean, nazio bat hezten duzu». Erantzun diezaiogun, beraz,
Afrikako emakumeak ikerketan indartzeko deialdiari, ezen hori egitean komunitate osoak,
nazioak eta mundua oro har indartzen baititugu.
* Gloria Dada idatzitako artikulua. Gloria Dada doktorea Zariako (Nigeria) Ahmadu Bello Unibertsitateko Biokimikako irakasle elkartua eta Anesvad Fundazioko “Becas para Todas” programaren onuraduna da.