Emakume afgniarrak ez dira ofizialki esistitu orain arte. Aitaren izena baino ez zen agertzen identitate-dokumentuetan. Gobernuak, berriz, amarena ere ipintzea erabaki du. Garai sinbolikoa da andreen giza eskubide errespetatzen ez diren lurralde batean.
Fundamentalismo erlijiosoak du horren errua. Emakumeen izena tabua da. Horregatik desohorea da publikoan aipatzea eta liskarrak sortzen ditu. Orain arte, dokumentu publikoetan ez ezik, hilarrietan edo ezkontza-gonbidapenetan ere ez zen izena agertzen.
Aurrerapauso honek aldaketa asko ekarriko ditu praktikan. Hemendik aurrera, transakzio komertzialak egin, eta seme-alaben gaineko guraso-tutoretza frogatu ahal izango dute emakume afganiarrek. Gainera, pentsioak lortu eta seme-alabak eskolan matrikulatu ahal izango dituzte.
Lorpen honen jatorria sare sozialetako kanpaina batean dago, zehazki #non dago nire izena? traolean
Egoera politiko konplexua
Lorpen honen jatorria sare sozialetako kanpaina batean dago, zehazki #non dago nire izena? traolean, Lale Osmanyk orain dela hiru urte bultzatutakoan. Kanpaina horren bidez, emakumeak izendatzera gonbidatzen zen.
Egungo egoera politikoa konplexua eta nahasia da Afganistanen, 2001. urtearen amaieran Estatu Batuek gidatutako koalizioak esku hartu eta talibanen mugimendua boteretik kendu zuenetik.
Hilaren 12an, Dohan, Qatarreko hiriburuan, hasi ziren Afganistango gobernuaren eta talibanen arteko negoziazio historikoak, 19 urteko gerrari amaiera emateko. Bertan, Abdula Abdula Afganistango gobernuburuak eta talibanen buruzagi garrantzitsuek hartu zuten parte.
Gobernuburuak akordio politiko baten bidez gerraren amaiera afganiarren eskaera “legitimoa” dela defendatu zuen, eta herrialde gatazkatsuko biztanleek dagoeneko “nahikoa sufritu” dutela gaineratu zuen. Azaldu zuenez, egungo gatazkan ez dago irabazlerik. Beraz, sistema “islamiarra, konstituzionala eta inklusiboa” ezartzeko deia egin zuen, afganiar guztien eskubideak babesteko, gizonen, emakumeen, haurren eta gerraren biktimenak barne.
Emakumeen Kontseilua
Emakumeak izendatzea neurri lasaigarritzat jotzen da, emakumeek Afganistango gizartean duten eginkizunari buruzko eztabaidarako une garrantzitsu honetan. Aktibistek behin eta berriz adierazi zuten beldur zirela gobernua eta talibanen arteko elkarrizketek beste atzerapauso bat ekarriko ote zuten emakumeen eskubideen eta askatasunen arloan.
Horregatik, abuztuan, Ashraf Ghani presidenteak Emakumeen Kontseilu Nagusia sortuko zela iragarri zuen, hain zuzen, matxinatuekin bake-elkarrizketetan emakumeen eskubideak defendatzeko foroa.