Elikadura osasuntsua, lurra defendatzea eta komunitatea egitea ere zaintza da

Elikadura burujabetzaren alde dauden emakume baserritar feministek bat egiten dute azaroaren 30erako Euskal Herriko mugimendu feministak deitu duen greba feminista orokorrarekin. Aldi berean, elikadura osasuntsua, lurra defendatzea eta komunitatea egitea ere zaintzaren alde garrantzitsuak direla diote.

“Gure ikuspegitik, zaintza pertsonak zaintzea baino gehiago da. Gure ustez, lurra, haziak, ura, abereak, lurraldeak eta ondasun komunalak ere zainduko dituen sistema bat behar dugu; ikuspegi holistikoa da gurea -nabarmendu dute Etxaldeko Emakumeak elkarteak eta EHNE sindikatuak ohar batean-. Zaintza elikatzetik ere badator eta ezin dugu zaintza sistema bat antolatu arinago elikadura osasuntsua erdigunean jarriko duen sistema bat antolaturik ez baldin badago”.

Diotenez, “kapitala eta agroindustriaren kontrako borroka oso handia eta basatia” da eta emakume baserritarrak gutxi direnez horri guztiari aurre egiteko gutxi direnez, “bidelagun gara”. Gainera, “elikadura sistema ez da ekoizpenera eta eraldaketara mugatzen -adierazi dute. Banaketa, kontsumoa, erosketa publikoak eta etxeak barneratzen dituen sistema oso bat da. Denok jaten dugu egunero eta ikuspegi global eta holistiko batetik ulertu behar dugu gaia”.

Hori dela eta, bi oinarrizko ideia planteatzen dute:

  • Elikadura osasuntsua zaintza sistemaren barruan txertatzea.
  • Zaintza ez dela bakarrik pertsonei zuzendua egon behar. Lur barik, hazi barik, ur barik, animalia barik ez dago bizitza posiblerik.

Zaintzaren unibertsoa hurrengo ondorengo hiru ardatzetan garatzen da baserritarren ikuspegitik:

1.KOLEKTIBIZATU
  • Baserriaren eta hiriaren arteko zubiak eraiki.
  • Landa eremuko herri txikietan zaintzari dagozkien zerbitzu publikoak ezarri.
  • Auzolanean bizitzeko baldintzak sortu.
  • Baserriaren erritmoa kontuan edukiko duen espazioak sortu.

2.PROFESIONALIZATZEA

  • Soldata duinak, 1.400 euroko diru sarrerak bermatu.
  • Zaintza lanak egiteagatik eta baserrian lan egiteagatik, zaintza lan horiek ordainsari publikoa jasotzea, sektore estrategikoa den heinean.
  • Baserritarren lana balorizatu, bukolismotik atera.
  • Elikaduraren gizarte segurantza, kolektibo zaurgarrietatik hasiz, gizarte guztiaren elikadura bermatzeko
3.ZAINTZA EREDU EMANTZIPATZAILEAK
  • Agroekologia da elikadura-burujabetzaren helburua.
  • Antolakuntza eredu komunitarioa berreskuratu baserrietan.
  • Elikadura-sistema merkatuaren logikatik atera.
  • Elikaduraren kate globala suntsitu.
  • Nekazal lurren espekulazioa eten eta lur publikoen sarea sortu.

Espekulazioan oinarritutako merkataritza sistemak ez duela ahalbidetzen elikadura osasuntsu baterako eskubidea salatu dute. “Ezinbestekoa dugu tokiko elikadura sistemak eraiki eta indartzea. Egunero jaten dugun aldetik, norbanako bakoitzak egunero gure aletxoa jartzeko aukera paregabea dugu. Bertoko elikagaiak kontsumitzea baserritarrei zuzenean, azoketan edo herriko dendetan erosiz, zaintza eskubide kolektiboen alde egitea da eta herria egitea da”, aldarrikatu dute.