LABek EAE mailako etxeko langileen lehen hitzarmen kolektiboaren negoziazio mahaia irekitzeko eskaria erregistratu du Bilbon, Lan Harremanen Kontseiluan. Sindikatuak etxeko langileen saila osatu du eta “sektorea arautzea eta kolektibo honekiko zor historikoa kitatzea” premiazkoa ikusten du.
Hona hemen hitzarmen kolektiborako proposatzen diren puntu batzuk:
– Argi eta garbi definitzea zein funtziotarako kontratatu diren langileak.
– Gizarte Segurantzan egindako bajen, alten eta tarteen berri eta arrazoiak ematea eta horien jarraipena egitea, engainuak eta/edo arau-hausteak saihesteko.
– Kontratu bukaerako prozedurak egiaztatzea, jardunbide okerrak saihesteko. Izan ere, atzera egitearen figurak bidegabeko kaleratzeak ahalbidetzen ditu, eta likidazioak eta kalte-ordainak dagozkien epean eta moduan kobratzea eragozten du. Helburua etxeko langileen kaleratzea hain merkea ez izatea da.
– Benetako lan-denbora eta lanaldien luzapena arautzea, presentzia-orduak eta aparteko orduak zenbatuz, eta ezarritako ordutegia, atsedenaldiak, jaiegunak eta langile guztientzat ezarritako lan-egutegia betetzen dela zainduz.
– Gaueko ordutegiko lanordu bakoitza onartzea eta ohiko lan orduaren %125ean zenbatzea konpentsazio gisa.
Familia-unitateei dagokienez:
A. 3 pertsona baino gehiago badaude, hileko oinarrizko soldataren % 10eko plusa ordainduko da.
B. 7 urtetik beherako pertsona bat edo gehiago izanez gero, hileko oinarrizko soldataren % 5eko plusa ordainduko da.
C. Menpekotasun-egoeran dauden pertsonak zainduz gero, hileko oinarrizko soldataren % 25eko plusa izango du.
Indarkeria fisikoa, sexuala eta psikologikoa
– Igandeetan, jaiegunetan eta gaueko ordutegian lan egiteagatik plus bat exijitzea.
– Urteko aparteko bi ordainsari bermatzea, oinarrizko soldataren zenbateko berekoak.
– Joan-etorri gastuak ordaintzea.
– Egindako aparteko orduak, denbora librean hartzea edota ordainduak izatea.
– Kontsulta medikoetarako, heriotzagatik, eszedentziengatik eta abarrengatik senideei laguntzeko ordaindutako lizentziak benetan betetzen direla egiaztatzea.
– Enplegatzaileek langileei laneko arropa eman behar dietela egiaztatzea: mantalak eta oinetakoak.
– Prebentzioaren eta laneko osasunaren arloko elementuak jaso daitezen eskatzea: berotik babesteko heldulekuak dituzten eltzeak eta zartaginak eskuratzea, eskuko eskailera homologatu bat jartzea, oinetako irristagaitzak jartzea, pertsonak mugitzeko garabiak ematea…
– Menpekotasun-egoeran dauden pertsonak mugitzearen ondorioz etxeko langileek dituzten arriskuak jasotzea: gehiegizko esfortzuak, erortzeak, kutsatze biologikoak, arrisku psikosozialak…
– Lantokietan indarkeria fisikoa, sexuala eta/edo psikologikoa gertatuz gero, prebentzio-neurriak eta zigorrak ezartzea.
– Diziplina-araubidea betetzea, enplegatzailearentzako zigorrekin, araudia betetzen ez duenean.
LABek dei egiten die gainerako sindikatuei negoziazio mahaira joan daitezen, eta CONFEBASK interpelatzen du, patronal gisa, erantzukizuna bere gain hartu eta hitzarmena sinatzea ahalbidetu dezan.