Durangoko Abesti Feministen VIII. Lehiaketaren amaiera-ekitaldia larunbat honetan izango da

Datorren martxoaren 28an, musika sortzaile durangarrak izango dira protagonista 2026ko Abesti Feministen VIII. Lehiaketaren amaiera-ekitaldian. Ekimena Udaleko Berdintasun Sailak bultzatu du, eta bere helburua musikaren bidez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin konprometitutako mezuak sustatzea eta ikusaraztea da.

Horrela, 19:00etatik aurrera, Plateruena Musika Aterpeak hartuko du ekitaldia, eta bertan abesti finalistak publikoaren aurrean zuzenean kantatuko dira. Ekitaldiak, gainera, EITBren laguntza izango du, finala zuzenean emango baitu streaming bidez, www.eitb.eus eta beste plataforma digital batzuen bidez. Laguntza horri esker, ekitaldiak hedapen eta irisgarritasun handiagoa izango du, eta jarraipena hainbat formaturen bidez bermatuko da, hala nola podcast, IPTV, HBBTV, kable eta satelite bidez. EITBk, halaber, ekitaldiaren laguntzaile ofizial gisa jardungo du.

Emanaldiak amaitu ondoren, epaimahaiaren erabakia jakinaraziko da eta sariak banatuko dira. Lehiaketak 600 euro garbiko sari ekonomikoak aurreikusten ditu 30 urtetik beherakoen kategorian bakarlari eta taldeen abesti onenentzat, eta 500 eurokoak 30 urtetik gorakoen kategorian. Halaber, publikoaren sari bat eta euskarazko abesti onenari beste bat emango dira, biak 350 eurokoak, eta 130 euroko aipamen bereziak ere izango dira.

Bozketa herrikoia

Gogorarazi behar da 2026ko Abesti Feministen VIII. Lehiaketaren bozketa herrikoia oraindik zabalik dagoela eta azken egunetan sartu dela; horregatik, Udalak herritarrei botoa epea itxi aurretik ematera gonbidatzen die. Bozketa martxoaren 27ko 12:00ak arte egongo da zabalik, eta udalaren parte-hartze plataformaren bidez egin daiteke

Durangon erroldatutako 16 urtetik gorako pertsonek botoa eman dezakete, finalisten artean abesti bakarra aukeratuz: Mirar a otro lado, Esnatu, Sekretua, Only a Prey, Emakumeon martxa, Marea morea, La vida soy yo, La vida es ella, As I am, Bloom eta Denona da.

Ekimen honen bidez, Durangoko Udalak berdintasunarekin eta kulturarekin duen konpromisoa berresten du, gizartea eraldatzeko tresna gisa, eta herritarrak gonbidatzen ditu bai bozketan bai lehiaketaren edizio honi amaiera emango dion ekitaldian parte hartzera.