Durangok Abesti Feministen IV. Lehiaketa antolatu du

Durangoko Udaleko Berdintasun sailak Abesti Feministen IV. lehiaketa antolatu du. Lehiaketak musika adierazpen eta sormen feminista sarituko ditu. Hainbat kategoria egongo dira eta finala San Agustin aretoan izango da martxoaren 26an, 19:00etan

Berdintasun sailak honela deskribatzen ditu abesti feminista eta lehiaketaren helburuak: “Emakumeak edota beraien eskubideak ardatz dituzten lanak izango dira. Emakume eta gizonen arteko  berdintasuna irudikatu eta deskribatzen duten abestiak bilatzen ditugu; Genero aniztasuna goresten dutenak, desberdintasunak azaleratzen dituztenak; maitasuna jabekuntzatik ulertzen dutenak; genero estereotipoak saihesten dituztenak, emakume ahaldunduak erakusten dituztenak; historian zehar, emakumeen protagonismoa erreklamatzen dutenak; emakumeen arteko laguntza, adiskidetasuna, ahizpatasuna goraipatzen dituzten abestiak bilatzen ditugu, alegia”.

Sariak

Izen ematea m8lehiaketa@gmail.com posta elektroniko bidez egingo da, martxoaren 13ra arte. Finala zuzenean ikusteko martxoaren 24a baino lehen apuntatu behar da Andragunea-ra deituta (944657092) edo posta elektronikora bidalita (andragunea@durango.eus)

Hainbat sari banatuko dira, kategorien arabera. Sorkuntza propioak 600 euroko bi sari jasoko ditu, bata bakarlariarentzat eta bestea taldearentzat. Bertsioek 500 euroko beste bi sari jasoko dituzte (bakarlariak eta taldeak) eta publikoaren saria abesti onenari 350 eurokoa izango da. 30 urtetik gorakoentzat abesti onenari 400 euroko saria emango zaio. Gainerako partaideek aipamen bereziak jasoko dituzte eta 150 euro bakoitzak.

Epaimahaian berdintasun teknikaria, Berdintasun Kontseiluko partaideak, mugimendu feministako kideak eta musikan adituak egongo dira.