Zaintzak, bizitzarako hain garrantzitsua den lanak, ez dauka inongo esker onik ezta soldatarik ere. Hori badakigu, baina gutxitan esaten da zein balio ekonomikoa daukan behar horrek. Intermon Oxfamek aste honetan atera duen txosten batek zifrak ipini ditu mahi gainean eta dei egin du etxeko eta zaintza lanari daukan balioa aitortzeko eta baldintzak duin egiteko.
Txostenaren arabera, zaintza lanaren balio ekonomikoa munduko industria teknologikoarena halako hiru da, hain zuzen, 9,7 bilioi euro. “Zifra erraldoia da. Hala ere, balio errealetik askoz beheragoko kalkulua da”, dio Intermonek.
Lan hori dohainik egiten dugu emakumeok gure egoera ekonomiko eta profesionalaren kaltetan. Mundu mailan lan egiteko gaitasuna daukaten emakumeen %42k ez du lan ordaindurik egiten. Gizonen %6 dago egoera horretan, ordea. Gainera, zaintza lanak eta lan erreproduktiboak eskolara joateko aukera ere oztopatzen dute. Estatu espainarrean, 2018an, emakumeon dohainiko lana BPGren %14,9 izan zen, hau da, 180 milio euro, LANEn arabera.
Esklabotasun egoera
Zaintza lanetan dabiltzan emakumeek egoera penagarriak eta abusuak jasan behar izaten dituzte kasu askotan. Munduko etxeko langileen %80k ez daukate ez ordutegirik, ez ordain-sari minimorik. Gainera, ez dute bajarik kobratzen, ezta Segurantza Sozialeko prestaketarik ere.
Kasu batzuetan esklabotasun egoeran daude. Regina, adibidez, trataren biktima izan da. Erresuma Batuko gizon aberatsaren etxera eraman zuten. Ordutegia goizeko 6etatik gaueko 11etara zen. Ez zuen ezer kobratu familia horrekin egon zen denboran, ez zuen eduki bere familiarekin kontaktuan egoteko edo kanpoko pertsonekin hitz egiteko aukerarik, garbitokian lo egiten zuen eta janari-hondakinak ematen zizkioten. Pasaportea kendu zioten eta tratu txarrak jasaten zituen: alferra edo tontoa zela esaten zioten.
Ekonomia humanoagoa eta feministagoa
Oxfamek gobernuei dei egin die egoera aldatzeko: “Ekonomia humanoagoa eta feministagoa eraiki behar dute, gizarterako garrantzitsua denari axola emanda, etekin ekonomikoa eta aberastasun pilaketa lehenetsi ordez”. Txostenak agerian utzi du emakumeek lan karga astunegia dutela eta horrek genero desberdintasuna azpimarratzen duela.
Erakundeak eskatzen duen beste gauza bat milioi asko dutenei zergak igotzea da, 117 milio lanpostu sortzeko hezkuntzan, osasunean eta nagusien asistentzian. Horrela sektore horien gabeziak konponduko lirateke, haren ustetan. Halaber, etxeko langileen lan eskubideak beste langileon eskubideekin parekatzea, errenta minimoa ezartzea eta enpresek ordaintzen duten sozietateen zergaren tipo efektiboa %15 izatea aldarrikatzen du.