Pandemiak areagotu egin du 2008tik zetorren finantza-, ekologia- eta jendarte-krisia. Lehertu zaiguna ez da osasun-krisia soilik. Biluzik utzi ditu sistema honen dimentsio ezberdinetako krisiak: merkatuarekiko dugun menpekotasuna, zerk duen egiturazko lehentasuna eta, horrez gain, agerian geratu da zer den jendarte desorekatua, injustua eta askotariko indarkeriek zeharkatua. Enpresa eta plataforma digitalak maneiatutako kapitalismoa indartu da eta horrek ateak ireki dizkio kontrol sistema tekno-totalitarioari.
Arrazakeria, prekarietatea, emakumeen bereizkeria eta herri burujabetzaren galerak biderkatu besterik ez dituzte egin gobernuek epidemiaren aurrean emandako erantzunek. Horren adibide dira, besteak beste, muga eta kaleen militarizazioa; abusu polizial eta instituzional arrazistak; indarkeria matxistaren gorakada; euskal preso politikoen bakartzea eta bisiten mugak; indarkeria matxistaren gorakada; kide konfinatuak zaintzeko lan merkatu utzi behar izan duten milaka emakumeak; gure lurraldean erabakiak hartzeko ahalmenik ez izatea edota euskararen atzerakada erakundeetan eta zerbitzu publikoetan.
Krisialdiak eragin zuzena izan du eremu feminizatuetan, bereziki egoera irregularrean dauden emakume langileen eremuan
Krisialdiak eragin zuzena izan du eremu feminizatuetan, bereziki egoera irregularrean dauden emakume langileen eremuan. Lehendik ere krisian zeuden bizitzaren zaintza eta sostengu kolektiborako egitura sozialak. Oraingoan inbertsioa saihestu da zaintza zerbitzuetan eta azpiegitura publikoetan. Bestela esanda, alfonbra azpian gorde dituzte bizitzeko beharrizanak, lan merke eta ezegonkorrekin. Nola uler liteke bestela zahar egoitzetan gertatzen ari dena?
Proposamen politiko kolektiboa
Bizitzak erdigunean jartzeko eta, ondorioz, beste jendarte eredu baterantz urratsak emateko funtsezkoa da zaintza ereduaz hausnartzea. Horrez gain, beharrezkoa da zaintza lanen atzean dauden harreman sozial, ekonomiko, instituzional eta sinbolikoak sozializazioa prozesuan jartzea. Ez dira merkantzia bizitzak eusten dituzten jarduerak. Horregatik, proposamen politiko kolektiboa behar dugu, heteropatriarkatuaren, pribatizazioaren, kapitalismoaren eta kolonialitatearen arrakaletatik haratago doana.
Proposamen horretatik urrun, erakundeek mekanismo militarrak erabili dituzte etenik gabe pandemiak eztanda egin duenetik: birusa garaitzea, etxeratze agindua, poliziaren etengabeko presentzia… Shock egoera baliatu dute ardura indibidualera eramateko, etxekotzeko, hainbat erantzukizun. Haatik, azpimarratu behar dugu urteetako pribatizazioek edota murrizketek erantzule politikoak dituztela. Hala, eskala indibidualean eta familia nuklear heteroarautuen logikan pentsatu dira azken hilabetean hartutako neurriak: konbibentzia burbuilak, familiakoak zaintzeko baimen bereziak… Hausnarketa handirik gabe, babes sareak bikotera edota odoleko familia harremanetara mugatzea bihurtu da normalitate berria, beti segurtasunaren izenean. Burbuila txiki eta bakanduetan sartu gaituzte, aisialdirako eta harremantzeko espazioak kendu dizkigute, ehun produktiboari eustera behartu gaituzten bitartean.
Burbuila nuklearra eta biolentzia matxista
Ez da zalantzan jarri burbuila nuklear horiek emakume edota generoaren disidente askorentzat espazio seguruak ote diren. Ez dira eskaini bertan ematen diren biolentzia matxistei aurre egiteko baliabideak. Ez dira kontuan hartu bestelako harremanak, familiaren iruditegi patriarkaletik irteten diren sostengurako harremanak. Isolamendu sozialak gorputz bakartuen antsietatea puztu du, desjabetzen gaitu, lotura birtualen konpentsazioaren trukean. Dena den, kolapsoaren ideia geroz eta indar handiagoa hartzen doa denongan.
Aldi berean, elkarren babeserako esperientzia komunitario autonomo aberatsak ezagutu ditugu azken hileotan. Askotan esparru publikoarekin elkarlanean jardun dira. Neoliberalismoaren arauen aurrean kontra-botere eta konpromiso indarberrituak osatu ditugu. komunitate berriak harilkatzeko unea da: gure etxeetan, gure mugimenduetan, familietan, herrietan… Enbataren erdian oinarrizko beharrak kolektiboki asetzeko desafioa dugu ate joka, denon ongizatea eta elkar babesteko alternatibak kontuan izanik.
Bizirauteko urgentzia bihurtu da burujabetza, osasun eta gorputzetatik hasita
Bizirauteko urgentzia bihurtu da burujabetza, gure osasun eta gorputzetatik hasita. Praktika politiko integrala garatzeko txikitik handira eta handitik txikira eragin behar da. Euskal Herri feminista behar dugu elkar-zaintzaren politikak kontuan hartuko dituena, eremu komuna eta publikoa erdigunean jarriko dituena, politika lekutuak sustraituko dituena.
Gaur, funtsezko jarduerak dira antolakuntza feminista eta herrigintza, oinarrizko eskubideak. Lehentasunezkoa da gure komunitate feministak jostea eta aktibatzea larrialdi egoera honi aterabidea emateko. Burbuila nuklearrik? Ez, eskerrik asko. Indarkeria matxistaren aurrean, guk babes sare anitzak nahi ditugu!