Bilboko Mamiki konpartsa, lau hamarkada feminismoa plazaratzen

 

Elena García, ezkerrean, beste konpartsakide baten ondoan. AZALEKO ARGAZKIA: ECUADOR ETXEA

Feminismoak presentzia nabarmena izan du Bilboko kaleetan azken 40 urteetan, protesta eta aldarrikapena legezkoak izan direnetik. Eta horretaz arduratu da espresuki Bizkaiko Emakumeen Asanbladako (BEA) Mamiki konpartsa, Aste Nagusian duen txosnaren bidez bereziki.  Izan ere, hainbat belaunalditako feminista guztion erreferentzia eta konpartsen esparruan oasia ere bilakatu da Mamiki txosna.

Abuztuan konpartsak beteko dituen 40. urteurrena modu berezian ospatzeko ideien bila dabil BEA eta horretarako asanblada egin zuen orain dela gutxi. Protagonistetako bat Elena García Fernández konpartseroa izan zen. Berak txosnaren ibilbidea laburbildu zuen liburu baterako eta bilerara joan zirenei Mamiki konpartsaren historia kontatu zien.

Alkohola eta biolentzia

Elena García bera 1991n hasi zen Mamikin txandak egiten. Urteak ematen dioten perspektibarekin eta aitzindariek kontatu diotenarekin zera ondorioztatu du:  “Txosnak gaur ez dauka zerikusirik hasieran,1979an, zenarekin. Orduan ez zen alkohola ateratzen eta inprobisazio gehiago zegoen. Aurrerago kontrol zorrotzak jarri zizkiguten elikagai-segurtasuna bermatzeko eta orain kontrolpean gaude mundu guztia bezala”.

Hain zuzen, Mamiki konpartsaren berezitasuna alkohol falta zen Aste Nagusia herrikoia egin zenean eta txosnak sortu zirenean. “Gizonek poteak hartu eta gero etxera zihoazela eta emazteekin agresiboagoak zirela”, zen horren atzetik zegoen ideia. Dibortzio legerik ez zegoen oraindik eta emakumeek ez zuten erraztasunik bortizkeria matxistatik ihes egiteko. Urte batzuk pasa eta gero garagardoa eta kalimotxoa zerbitzatzen hasi ziren bi arrazoirengatik: “Bata, gizon bortitzek ez dute alkoholik behar agresibitatea adierazteko, alkohola aitzakia baino ez da, eta bigarrena emakumeok alkohola edatea eta txosnan ez edukitzea ez da koherentea”.

Alkohol falta oso apustu ausarta zen jaia akohol kontsumo eta dantzarekin uztartzen den esparru batean, txosna gunean. Publikoa erakartzeko elikagaien kalitateari lehentasuna eman zioten eta gaur egun Mamikiren jatekoak ospetsuenak eta baloratuenak dira.

Oztopoak feminismoaren defentsan

Baina Mamiki ez da taberna hutsa. Bilboko emakumeen konpartsa feminismoa azaleratzeko eta indartzeko sortu zen. “Lehenengo urteetan, 1980an, Dibortzio legea onartu zen. Gainera, abortatzeagatik Basauriko 11en epaiketa hasia zen eta bigarren zitazioa udazkenerako ezarrita zegoen. Txosnan ateratako dirua urtean egiten ziren kanpainak finantziatzeko erabiltzen zen baina hasierako urte horietan Basauriko emakumeen defentsara ere bideratu zen”, azaldu du Elena Garciak.

Feminismoaren defentsan oztopo handiak topatu ditu Mamikik bidean, baita txosna batzordean ere. Betidanik egin du jaietan erasoen kontra emakumeen konpartsak, baina urte askotan Mamiki bera baino ez da horretaz arduratu. “Bilboko Konpartsak gure kontrako gunea izan zen. Matxismoak gailentzen zuen eta guk geneukan jaia ulertzeko modua zalantzan jartzen zen beti. Emakumeon ahotsak ez zituzten entzuten esparru horretan eta zarata gehien egiten zuena irteten zen garaile”. Horregatik Mamikiren parte hartzea Bilboko Konpartsa taldean minimoetan ibili da ia beti.

“Txosna guztiona izan dadila nahi dugu”

Zorionez, gaur egungo giroa oso bestelakoa da. Feminismoaren eragina eztabaidezina da, Garcíaren iritzian. “Emakume eta gizon gazteek parte hartzen dute konpartsetan eta aldarrikapen feministarekiko oso harkorrak dira. Ados daude jai-eredu berria lantzeko, era transbertsalean eta inertzia patriarkalak alde batera utzita”.

Kanpora begirako tentsio horiei gehitu behar 1980an zaie Udalarekin sortu zena  –jaien eredua aldatzen saiatu zen baina asmoak porrot egin zuen- eta ostalariekin – konpetentzia desleiala egozten dietela eta-.

Barruan ere tirabira asko egon dira urte hauetan. Batzuk, euskal politikaren jardueraren harira, beste batzuk heterosexual eta lesbianen ikuspuntu desberdinen artean, edota nagusi eta gazteen pentsamoldeen artean, besteak beste.

Arazo horiek gorabehera ukaezina da Mamiki feministon ikurra dela. Gainera, lesbianentzat ligatzeko eta andra guztientzat jaiez gozatzeko leku ziurra eta ahalduntzekoa izan da. Horretaz gain, kulturaren eta pentsamendu feministaren erakusleihoa da eta bide horri jarraitu nahi diote Mamiki konpartsakoek. “Txosna feminista guztiona izan dadila da gure erronka momentu honetan. Nola egin emakume guztiok txosna geureganatzeko eta defendatzeko”. Ideiak eta proposamenak hartzeko prest daude konpartseroek.