Beste mundu bat feminismotik

Euskal Herriko Mugimendu Feministak kalera ateratzeko deia egin die emakumeei, transei eta lesbianei, Beste mundu bat feminismotik leloarenpean. 

Irakurri ondoren komunikabideen aurrean egin duten adierazpen osoa.

“Munduaren luze-zabalean gerra, desberdinkeria eta askotariko indarkeriak nagusi diren testuinguru bete-betean iritsi gara beste urte batez martxoaren 8ra, eta urtero bezala, Euskal Herriko Mugimendu Feministako kideok arrazoiak soberan ditugu kalera ateratzeko. Gure herri eta auzoetan ere lurreratzen baitira indarkeria horiek guztiak.

Lehenik eta behin gogora ekarri nahi dugu duela astebete Sarrigurenen gizon batek eraildako emakumea, Tatiana, eta larri zauritutako beste emakumeari ere ahalik eta azkarren osatzeko indarra bidaltzen diogu. Ez zaituztegu bakarrik utziko!

Era berean, elkartasun eta babes besarkada bana bidali nahi diegu munduko hamaika txokotan erresistentzian eta borrokan dabiltzan feministei; Palestina, Venezuela, Sahara, Kurdistan…zuekin gaude. Gora borroka internazionalista!

Noraeza, etsipena eta beldurra gailentzen ari dira sarri, eta horrek immobilizaziorako joera ekar lezake. Baina, guk, aspaldi ikasi genuen kolpatzen gaituen sistema kapitalista zisheteropatriarkal kolonial eta arrazistak darabiltzan estrategien ondorioa besterik ez direla, eta ez garela batzuek nahiko luketen bezala etxean geratuko, isilik eta otzan.

Askotariko zapalkuntzak betikotzeko egiturak martxan ditu aipaturiko sistemak, gorputz eta lurralde bakoitzean era batera edo bestera lurreratzen direnak. Baina, desberdinkeriak areagotzen ari diren garaiotan, zapalduak are zapalduago dira, eta boteretsuak are boteretsuago. Eta hori, errealitate materialetan ikus dezakegu; etxebizitzarako sarbidea nork duen eta nork ez, baliorik gabeko lanetan nor dabilen eta nor ez, ea nork egindako lanak diren prekarioen, nor den hainbat eskubideren jabe eta nor ez eta abar. Finean, nor kolpatzen duen geroz eta gehiago sistema kapitalista zisheteropatriarkal kolonialista eta arrazistak.

Arrazakeria

Azken urteetan asko izan dira Euskal Herriko Mugimendu Feministatik martxan jarritako borrokak: indarkeria matxistaren aurkako protokoloak, espazio seguruak sortzeko ahaleginak, zaintza sistema publiko eta komunitario baten aldeko Greba Feminista Orokorra, tokian tokiko problematikei aurre egiteko dinamikak (lantokietan, jai batzordeetan, kaleetan)… Eta urratsak egiten ari bagara ere, oraindik asko dugu egiteko, baina batez ere asko dute egiteko. Haiek bai; instituzioek, patronalek, gizonek, sistema hau betikotzen dutenek. Urgentziaz diogu: hartu dagokizuen ardura!

Horrekin batera, egiturak sostengatzen dituzten horiek berek, feminismotik eraikitzen ari garen diskurtso eta proposamenak bereganatzen dituztela salatu nahi dugu, itxurakeria hutserako, edo are larriagoa dena, feminismoaren aitzakiapean bestelako neurri eta diskurtsoak zabaltzen dituzte. Arrazakeria, esaterako. Hori horrela, feminista zurioi, horrekiko ardurak hartzea eta diskurtso horiek salatzea eta moztea dagokigu. Ez dago
erdibiderik.

Martxoaren 8an kalera aterako gara, feminismotik langile klasearen alde borrokatzera, baina martxoan baditugu borrokarako beste data ugari, eta horietan denetan parte hartzeko deia egiten dugu, arduraz eta indarrez. Lehena martxoaren 17a, sindikatuek deituriko Greba Orokorra. Feministok asko dugu esateko 2023ko Greba Feminista Orokorrean ezarritako mugarri eta aldarrietatik.

Zainketa-lanak

Ondoren, martxoaren 21a, arrazakeriaren kontrako eguna, zuriok asko dugu egiteko oraindik dugun boteretik desplazatzeko eta arrazakeriak suposatzen duen indarkeriarekin mozteko. Hurrena, martxoaren 30a izango da, Etxeko eta zaintza langileen eguna; zaintzak lanak prekaritatearen, emakumearen eta arrazakeriaren sinonimo
dira egun.

Zaintza kate globalean dugun lekuaz jabetu eta horrekiko ardurak hartzeko unea da, zaintza sistema publiko bat aldarrikatzearekin batera eta pribatizazioarekin amaitzeko eskatzearekin batera. Eta, azkenik, martxoaren 31, Trans ikusgarritasunaren eguna; trans pertsonen eskubideen alde kalera ateratzeko eguna. Trans gorputzak ere sistemak jo puntuan dituen gorputzak baikara, baina ez gara soilik gorputz zapalduak, alternatiba gara eta hori aldarrikatzera aterako gara.

Askotariko mugimenduetatik gabiltza eragiten, baina, guk argi dugu ez dugula feminismorik eta antiarrazismorik gabeko mugimendurik nahi, ezta mundurik ere. Horrexegatik diogu BESTE MUNDU BAT FEMINISMOTIK. Eta hori lortzeko antolakuntza eta borroka dira gure armarik indartsuenak. Emakume* , trans eta bollerak kaleak hartzeko prest gaude!

Eraiki ditzagun aliantzak, nork bere lekutik. Elkarrekin nahiz subalternitate propioetatik. Eraiki ditzagun sare sendoak. Askotariko zapalkuntzen bitartez sostengatzen den sistema honi erantzun diezaiogun askotariko gorputz eta borroketatik. Antolatzen jarraituko dugu, herriz herri eta auzoz auzo; asanbladetan, lantokietan, ikastetxeetan, gaztetxeetan, kaleetan… Aurrean izango gaituzue!”.

Euskal Herriko hiriburuetan egingo diren mobilizazioak hauek izango dira:

  • Donostian, 12:00etan Antiguako tuneletik.
  • Baionan, 11:00etan, Tren geltokitik.
  • Iruñean, 12:00etan Antoniuttitik.
  • Gasteizen, 12:30ean San Anton plazatik.
  • Bilbon, 12:00etan Jesusen Bihotzetik.

Euskal Herriko beste hamaika txokotan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia ere egiten dugu.

GORA BORROKA FEMINISTA!

GORA EUSKAL HERRIKO MUGIMENDU FEMINISTA