URRIAREN 10ERA ARTE 
Bergarako kotoiaren emakumeen omenez erakusketa

Laboratorium Bergara Zientzia Museoak ‘Kotoiaren Emakumeak’ erakusketa antolatu du Algodonera San Antonio lantegian lan egin zuten langileak omentzeko. Haien bizi istorioak arte hainbat diziplinaren bitartez (ilustrazioak, poesiak, argazkiak, literatura, moda…) kontatzen dira.

Antolatzaileek diotenez, hasiera batean egitasmo hau moda proiektu bezala jaio zen, baina pixkanaka kutsu kulturala hartu zuen. Andoainen sortutako proiektua da. 1857-1965 urteetan, Andoainen, Algodonera Guipuzcoana izeneko lantegi bat izan zen. Bertan, langileen % 90 emakumeak ziren. Emakume horiek guztiak omentzeko eta indartzeko asmotan jaio zen ‘Kotoiaren Emakumeak’ erakusketa eta martxoan egon zen ikusgai Bastero Kulturgunean.

Andoaingo ehun-fabrika itxi zenean, bertan lan egiten zuten emakume asko Bergarara joan ziren lanera. Horregatik, proiektu honen bigarren geltokia Bergara da.

‘Totem’-ak

Erakusketa ‘totem’ desberdinez dago osatua, eta bertan, poesiak, argazkiak, ilustrazioak… daude ikusgai. Andoaingo ‘totemak’ zuri kolorekoak dira, Bergarakoak, aldiz, urdinak, mahoi koloreari –Bergaran egiten zen ehunari- erreferentzia eginez.

‘Kotoiaren Emakumeak’ esposizio jasangarria da. ‘Totem’ak Irizar fabrikako egurrez eta oihalez daude eginak. Bestalde, Andoaingo zatiko oihalak, emakume batek eman zituenak dira eta oihalak zintzilik dauden tutuak, Donostiako ‘Muchas Telas’ dendakoak dira.

Esposizioko totem askok QR kodea daramate emakumeen ahots eta istorioak entzun ahal izateko. Halaber, istorio guztiak biltzen dituzten hainbat katalogo txiki daude erakusketan eta hitzaldi bat ere antolatu zen.

Noiz arte: Urriaren 10era arte.

Ordutegia:

  • Astelehenetik larunbatera: 10:00-14:00 eta 16:00-19:00.
  • Igandeetan: 10:00-13:00

Unitate Didaktikoak

Aurretik, Udal Artxiboak ‘Ehun lantegiak Bergaran’ unitate didaktikoa sortu zuen. Orain, erakusketak hainbat bizi-istorio eta dokumentazioa gehitzen dizkio proiektu horri.