Aurrekontuetan zaintzak eskatzen duen eraldaketarako neurriak ez direla jaso salatu du LABek

Ez da jaso zaintza lanak erantzukidetasunez banatzeko neurririk, ez zaintzako langileen lan eta bizi baldintzak duintzeko neurririk, ezta zaintza sistema publiko komunitarioa eratzeko erabaki politikorik ere, LABen arabera. Publifikazioranzko eta langileen ekiparazioaren aldeko urratsak eta konpromisoak eskatu dizkie sindikatuak gobernuei eta aldundiei.

Asteotan negoziatzen ari diren aurrekontuak zaintzako langileen baldintzei guztiz lotuta daude, eta, hain justu, 2026ko aurrekontuetan zaintza zerbitzuak pribatizatzen jarraitzeko, zaintzarekin negozioa egin dadin ahalbidetzeko eta sektoreko langileak prekarizatzen jarraitzeko hautua egin dela salatu du gaur LABek, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egindako mobilizazioetan. EAJk eta PSE-PSNk aldundietako aurrekontuen bidez zaintza zerbitzuak negozio izatea bultzatzen dutela salatu du sindikatuak, eta pribatizazioa betikotu nahi dutela. Kontrara, zaintza sistema publiko komunitarioa eraikitzeko neurriak eta zaintza zerbitzuak publifikatzekoak behar direla aldarrikatu du sindikatuak, eta, era berean, aurrekontuetan jasota dauden zerbitzu berriak kudeaketa publiko zuzenaren bidez eman behar direla.

Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak Bilbon adierazi duenez, zaintza lanak, lan publikoak izan arren, “azpikontratatutako enpresetan eta zaintzarekin negozioa egiten dutenetan” egiten dituzte langile gehienek. Aurrekontuek bete-betean baldintzatzen dituzte, Aranbururen arabera: “Aurrekontuetan erabakitzen da zerbitzu publikoa pribatizatuta mantentzen den, hitzarmen kolektiboetara zenbat diru bideratuko den, ratioak nolakoak izango diren, eta abar”. Lan baldintzen ekiparazioranzko urratsak egiteko eta eremu honetan izango diren negoziazio kolektiboei irtenbide duina emateko aukera dute aldundiek, esaterako, aurrekontuen bidez. Horregatik, hitzarmenen blokeoaren erantzukizuna eurena dela gogoratu die LABek, eta premiazkotzat jo ditu, bereziki, Arabako eta Nafarroako helduen egoitzetako hitzarmenak desblokeatzea eta behingoz euren lan baldintzak arautko dituzten lan hitzarmenak lortzea.

Ratioak berrikusteko eta hobetzeko beharra ere erdigunean jarri du LABek, eta benetako urratsak eskatu ditu, erabiltzaileek jasotako zerbitzuaren kalitatea eta pribatizatutako zaintzako langileen lan baldintzak duintzeko. Era berean, pribatizatutako zaintzako langileak euskalduntzeko neurriak adostea eta aurrera eramatea ere galdegin die administrazioei.

Tamalez, ordea, EAJren eta PSE-PSNren norabidea beste bat dela deitoratu du Aranburuk, eta ez dagoela ez zaintza lanak erantzukidetasunez banatzeko neurririk, ez zaintzako langileen lan eta bizi baldintzak duintzeko neurririk, ezta zaintza sistema publiko komunitarioa eratzeko erabaki politikorik ere. “EAJk eta PSE-PSNk zaintzan logika pribatizatzaile eta merkantilistari eusteko apustua egin dute, zaintza lanak desfeminizatu, desfamiliarizatu eta publifikatu gabe jarraitzeko hautua”. Horrez gain, aurrekontuokin zaintza lanak “esplotazio baldintzetan egitea” ontzat ematen dela salatu du; bereziki, emakume migratuek eta arrazializatuek: “Atzerritarren Legeak ezartzen dituen traba guztien ondorioz, eskulan merkean bilakatzen dira, eta muturreko esplotazio egoerak zabaltzen ari dira. Aurrekontu hauekin, gobernuak eta diputazioetako arduradunak dira esplotazio egoera horiek ontzat ematen dituztenak, eta enpresa pribatuak, horretaz baliatzen diren esplotatzaileak”.

Agendatik kanpo

Agenda instituzionalean zaintzaren gaiak “behar baino toki gutxiago” hartzen duela ere salatu du koordinatzaile orokorrak, eta hartzen duenean ez dela egungo egoera aldatzeko norabidean. Gipuzkoako kasua jarri du adibidetzat: “Eraldaketa hitza erabiltzea zinismo hutsa da. Pertsonak erdigunean jartzeaz, eredu pertsonalizatuez, hitz egiten dute, baina, funtsean, ez dago orain arteko eredua iraultzeko erabakirik”.

Horregatik, LABek ausardia eta konpromisoa exijitu dizkie Hego Euskal Herriko administrazio publikoei eta aurrekontuen onarpenean diharduten alderdiei, EAJk eta PSE-PSNk bultzatutako logika pribatizatzaileari ateak ixteko urratsak egin ditzaten. Aranburu: “Zaintza zerbitzuaren kalitatea hobetu, zaintza lanen egungo antolaketa sozialak emakumeengan sortzen dituen diskriminazio egoerak gainditu eta zaintza langileen baldintzak duintzeko, benetako eraldaketa bat behar da, eta aurrekontu proiektuak zuzentzeko eskatzen diegu gobernuei eta aldundiei”. Eraldaketa hori bultzatzeko modua ere zehaztu du: diru partida zehatzak ezartzea zaintza sistema publiko komunitarioa eratzeko, publifikazio prozesuak bultzatzeko, ekiparaziorako, hitzarmen duinak ziurtatzeko edo ratioak hobetzeko.