Sorginak! Erakusketa Donostiako Okendo aretoan ikus daiteke apirilaren 17ra arte. 44 artelanek osatutako erakusketa kolektiboa da Empoderarte biolentzia matxistaren kontrako elkarteak antolatuta. Formatu desberdineko artelanak dira -eskulturak, argazkiak, instalazioak eta abar-, baina gai bera dute, sorginen ehiza, hain zuzen. Emakumeen kontrako jazarpen mota horrek XV. eta XVI. mendeetan iraun zuen Europa osoan, Euskal Herrian ere bai. Gaur egun ere jarraitzen du era desberdinetan, artistek diotenez.
Silvia Federiciren ‘Kaliban eta sorgina’ liburua hartu dute abiapuntu. Irakurketa horretatik sortu dituzte euren proposamenak bi urteko prosezuan. Federicik sorginaren ehiza patriarkatu kapitalistaren ezarpenarekin lotzen du.
Estefanía Ocampos eta Sara Beiztegirekin komisarioa den Pepa Santamaríak, sorginen ehizaren ondorioz 250.000 emakume inguru hil zituztela Europan, genozidiorik krudelenetako bat, gogoratu du. Hilketa horiek, gainera, konpondu barik daudela oraindik ere, azpimarratu du. Horren erakusle sorgin figuren salmenta adibide nabarmenena dela dio: “Bidezkoa litzateke dendetan juduen figurak, marradun trajeak eta guzti, edo oin-burdinez lotuak afrikar esklaboen postalak saltzea? Ezinezkoa, ezta?”
Kapitalismoa eta emakumeen zapalkuntza
Hori dela eta imajinario kolektiboan sorginak emakume zahar, itxusi, zikin, makurtu eta maltzur bezala irudikatzen dira gaur egun ere, haren ustez.
Erakusketan ez da horrelakorik ikusiko ohartarazi du Santamaríak. “Bai, ordea, baserritar zaharrek jasandako tratu txarren salaketa. Baita emakume haserretuen garrasia ere, urtean 50 hilketatik gora izaten dugu eta matxismoaren eraginez”. Halaber, sorginek jasan zituzten tortura eta erahilketen aurrean eliza katolikoaren erantzukizuna bistaratzen da.
Santamariak, Federicik deskribatuta, kapitalismoaren garapena eta emakumeen zapalkuntzarekiko loturari ere egin dio erreferentzia. Elite ekonomikoak XV. Mendean lurraren jabe egin ziren eta baserritarrak komuntasunerako ondasunak produzitzetik eliteen soldatakoak izatera pasatu ziren. Bitartean, emakumeak gizonen menpeko egin ziren eta askatasuna eta berdintasuna galdu zuten. Lan erreproduktiboa egotzi zieten, proletarioen hornitzaile egin zituzten.
Aurrerantzean, emakumeek bizirauteko bi aukera baino ez zuten: ezkontza edo prostituzioa. Egoerak orain arte irauten du eta “nahiz eta Simone de Beauvoirrek emakumeen askatasun ekonomikoa aldarrikatu zuen, patriarkatuak inposatutako bi eredu horietan kokatzen gaitu”.
Emakume sendatzaileen jazarpena
XVIII. mendean egoerak txarrera egin zuen. Medikuntza modernoak emakume sendatzaile jakintsuen lanean merkatu-nitxoa eta ugalketa kontrolerako bidea ikusi zuen. Emakumeek abortuak egiteko senda-belarrak ezagutzen zituzten eta ahalmen hori kendu zieten. Harrezkeroztik, andron birjintasuna bertute gorena izan zen eta euren sexualitatearen jabe zirenek puta edo deabruaren alabatzat jo zituzten. Estatua, eliza eta gizonak emakume errebeldeak kontrolatzeaz eta zigortzeaz arduratu ziren.
Empoderarte elkarteak emakumeen kontrako biolentzia salatzeko hainbat erakusketa antolatu du. Haur lapurtuak, sabel alokairua eta emakumeen sexu esplotaziorako trafikoa izan dira gaiak, besteak beste. Arlo horietan sakontzeko hitzaldiak eta mahai inguruak antolatzen ditu.