“Amatasuna eta aitatasuna ez dira eskubideak baina kapitalismoak buruan sartu digu eros dezakegun edozer eskubidea dela eta eskubidetzat hartzen da emakume pobreen esplotazioa baino ez dena”. Irantzu Varelaren gestazio subrogatuari buruzko hitzak dira. Aktibista feminista Durangoko Andragunean egon zen gai honi buruz hitz egiten, Andereak bortizkeria matxistaren kontrako elkarteak gonbidatuta.
Erantzunak baino galdera gehiago zekartzala aitortu zuen arren, Varelak argi ditu hainbat gauza. Hasteko, aipatutako hiru ideiak: amatasuna eta aitatasuna ez direla eskubideak, gestazio subrogatua emakume pobreen esplotazioa dela eta gaia kapitalismoarekin zerikusia duela. Hau da, uteroen alokairua negozioa da eta etekinak lortzen dituena ez da haurdun dagoen ama baizik eta enpresa bitartekaria. Izan ere, gestazio subrogatua negozio borobila da. “Inbertitzaile askok ipintzen dute dirua enpresa horietan badakitelako izugarrizko etekinak ematen dituela”.
Enpresa horien bezeroak gay bikoteak edo emakumea antzua deneko bikoteak, eta euren interesa “ez da altruista izaten, ez da umeak haztea, baizik eta geneak ugaltzea, baina ez edozein gene, gene maskulinoak –gizona antzua denean adopzioa izaten da joera- zuriak eta elite menderatzailekoak”. Bestela, bere ustez, bikote horiek umeak adoptatuko lituzkete. “Osasuntsu hazteko beharrezkoa ez duten ume asko daude mundua”, azpimarratu zuen.
Inongo onurarik emakumeontzat
Varelarentzat, uteroen alokairuak ez dakar inongo onurarik ez emakumeontzat ezta umeentzat ere. Izan ere, gestazio subrogatuen enpresetako katalogoetatik emakumea desagertuta dago. “Ez dago amarik, ezta utero, bular edota esnealdirik ere”. Gainera, haurdunek ezin dute ez abortatu ezta hartutako konpromisua atzera bota ere. Umeak izateko ordaintzen duten gurasoek, berriz, haurrari uko egin diezaiokete eta haurdunaldia geldiarazi dezakete.
Dena den, amaren irudia goraipatu nahi ez zuela argi utzi zuen aktibistak, are gehiago feminismoaren barruan gaia eztabaidatzen ari denean. “Amatasunaren inguruko diskurtso politiko kritikoa eraiki behar dugu gestazio subrogatuaren aldeko propagandak eragin handia du eta”. Zabaltzen ari diren mezu gehienak gay-en aitatasunaren eskubideen defentsaren aldekoak dira. “Uteroen alokatzearen kontra egotea homofobia dela diote”.
Oso indartsua den beste mezu bat da gestazio subrogatua ekintza altruista dela. Feminismoaren ikuspegitik ikusita, berriz, emakumeen gorputzak erabiltzen ari dira heteropatriarkatuak inposatutako desioa betetzeko. Horretarako herrialde pobreetan emakumeen ‘abeletxeak’ ere ezarri dituzte. Bertan animaliak bezala tratatzen dituzte. “Zelako bizitza, zein altruismo eta zein haurdunen eskubideak ari gara bermatzen?”, kritikatzu zuen.
Genero eta klase opresioak
Kontu honek, beraz, zapalkuntza desberdinak uztartzen ditu. “Intersekzionala” da. Klase eta genero opresioak elkartzen dira arazoaren inguruan. “Klaseari dagokionez, pribilegioa da, ordaindu ahal duten pertsonentzat delako, haurdunak txiroak direlako eta herrialde pobreek saldu eta aberatsek erosi egiten dutelako. Ez da kasualitatea gestazio subrogatua legalizatuta dauden herrialdeak, batetik Estatu Batuak eta bestetik India, Pakistan, Ukrania… muturrekoak izatea”. Generoari erraparatuz gero, “prozesuak emakumeon gorputzak bortxatzen ditu eta gizonek erdituko balute ez genuke honetaz hitz egingo”.
Haurrei dagokienez, amatasunaren eta aitatasunaren grina asetzeko, pertsona batzuk euren erabakiak umeengan izango duen eraginean pentsatu gabe edozer egiteko kapaz direla esan zuen. “Dakigunez, nahiz eta ingurune zoriontsuetan bizi, ume adoptatu asko ez dira ondo moldatzen familia berrietara, abandonu esperientziarengatik eta badakitelako desberdinak direla. Zein izango ote da uteroen alokairuaren bidez jaiotakoen bizipena!”.
“Ez dago jaiotza tasa arazorik”
Aktibista honek bi bide ikusten ditu arazoa konpontzeko: lehena, nazioarteko legegintza malgutzea adopzioak ahalbidetzeko. Horrela pertsona guztiek, izan heterosexualak edo homosexualak, aukera edukiko lukete ume bat hazteko eta ume horri aukera emango liokete bizitza duina izateko.
Askotan uteroen alokairuaren inguruko diskurtsoa populazio beherakadarekin lotzen da. Varelak uste du arazo hori ez dela esistitzen. Horregatik proposatzen duen bigarren irtenbidea da mugak zabaltzea: “Ez dago jaiotza-tasa arazorik. Jendea sobran dago munduan. Irtenbidea boterearen eta aberastasunaren banaketa da. Baliabide gehiago eta jendea zaharrago den lekuetan harresiak altuagoak dira”.
Gestazio subrogatuarekin amaitu beharra ikusten du, orain hasi berria denean. “Kapitala, heteropatriarkatuarekin batera, bizitza merkantilizatzen ari da eta umeak kontsumo artikuluak dira. Gestazio subrogatua ataria izan liteke aberrazio askotarako”. Horren harira galdera erretoriko batzuk bota zituen kritika modura: “Zein ote da hurrengo pausua: organoak, giltzurrunak, salduko ditugu? Eta zergatik ez jaio ondoren umeak diruaren truke eman?”