«Agroekologiak, feminismoak bezala, dena aldatu nahi du denon mesederako»

Baserritar munduak lekua izan zuen ‘Salda Badago’ Jardunaldi Feministetan. Etxaldeko Emakumeak taldearen ordezkari Amets Ladislaok zein lotura daukan agroekologia feminismoarekin eta zergatik zaindu behar ditugun baserritar txikiek bermatzen dituzten landa eredu sostengarriak azaldu zuen.

Lehenengo gaiari buruz, bai agroekologiak, bai feminismoak “dena aldatu nahi dutela denon mesederako” azpimarratu zuen eta, bigarren gaiaren inguruan, lehenengo sektorean lantzen dituzten eredu sostengarriek ekonomia feministaren bizitzak zentroan ipintzeko aginduari jarraitzen diotela esan zuen, lurra, itsasoa, pertsonak eta animaliak zaintzen dituztelako.

“Lau multinazionalek  zer jaten dugun aukeratzen dute eta eskuragarri dauden elikagaiak ez dira inondik inora sostengarriak”

Sektorearen egoera esparruz esparru diagnostikatu zuen. Elikadura  osasuntsuaren arloak “panorama latza” duela esan zuen. “Lau multinazionalek  zer jaten dugun aukeratzen dute eta eskuragarri dauden elikagaiak ez dira inondik inora sostengarriak”. Elikagai asko urruneko herrialdeetatik datoz.

Hemen ekoizten dena, eusko label tomatea, adibidez, “hidroponikoa da hein handi batean”, argitu zuen. Zementuan hazten da eta ur goteoz botatzen zaizkio kimikoak. Kontsumitzen dugun okela eta esnea “pastura irteten ez diren behienak dira” eta normalean “Argentinanik datorren soja transgenikoa” ematen zaie jateko. Horrek ere eragina dauka osasunean.

Arrantza arloan, bajurakoa desagertzen ari da Euskal Herrian. Indikora joaten dira itsasontziak eta bertan erabiltzen ari diren teknikak ozeanoak suntsitzen ari dira.

Uztiaketa intentsiboak lurrak, itsasoak, abereak eta pertsonak esplotatzen ditu etengabe. Era berean, horren eraginez lurra pozoituta eta antzu geratzen ari da. Halaber, leku batzuetan, Iparralden, adibidez, eremuekin espekulatzen da turismoa erakartzeko.

Elikaduraren burujabetza

Nekazari batzuek Vía Campesinak 90. hamarkadan aldarrikatu zuen elikadura burujabetza alternatiba gisa hartu dute. Tokian tokiko baliabideak erabilita herri bakoitzak bere elikadura propioa definitzeko duen eskubidea defendatzen du mugimendu horrek.

Ordutik, baserritar batzuek Euskal Herrian elikadura burujabetza dute helburu eta hori lortzeko bideari agroekologia deitu diote. “Kontzeptu politikoa da. Guk lehenengo sektoretik eskaintza bat egiten dugu gizarte osoa hobetzeko”, azaldu zuen Ladislaok.

Eta horretarako gizartearen kolaborazioa ezinbestekotzat jotzen dute baserritarrek. Izan ere, ezin dute elikaduraren burujabetza eta agroekologia eurek bakarrik garatu, populazioaren % 3 baino gutxiago izanda. Feministei egiten diete dei berezia.

Gizartearenaz gain, erakundeen laguntza ere behar dute. Orain arte, baina, ez dutela babesik lortu ez Europatik ezta Euskal erakundeetatik ere, adierazi zuen Etxaldeko Emakumeak elkartearen ordezkariak. Europarrek “hektarea asko dutenei baino ez diete diru-laguntza ematen”.

Euskal agintariek eskuduntzak ez dituztela diote baina, Ladislaoren ustez, agroekologia elikagaiak erostean eredu jasangarria prezioaren aurretik  lehenetsita bultza daiteke. “Kristoren iraultza izango litzateke hori. Bertatik, beraz, gauzak egin ahal dira baina borondate politikoa behar da”

Nekazariaren batez besteko soldata 800-900 eurotan dago, egunero 10 orduko jardunaldiko

Nekazaritzaz aparte, bere ustez, janarien distribuzioa ere aldatu egin behar da, enpresa handiek besteon esplotaziotik irabazi ekonomikoak lortzen dituzte eta txikiei kalte handia egiten diete eta. Nekazariaren batez besteko soldata 800-900 eurotan dago, egunero 10 orduko jardunaldiko.

Baina, batez ere, eraldatu behar dena kontsumoa da. Ladislaok kontsumitzaileak gonbidatzen ditu dendariei nondik datozen produktuak galdetzera. Horrelako ekintza txikiekin gauzak aldatzen hasiko liratekeela konbentzituta dago.

Aliantzak, beharrezkoak

Horretaz gain, badaude beste era batzuk baserritarrei laguntzeko: kontsumo taldeak, hipermerkatu kooperatiboak, herriko asteroko plazan erostea. “Momentuz ez dugu ezer asmatu masa handientzat, hirietarako, baino denon artean egingo dugu. Hor daude bidea eta erronka”.

Nekazaritza agroekologikoa aurrera ateratzeko aliantzak ere garrantzitsuak dira. “Mundu Martxarekin kolaboratu dugu, Mamiki txosna gure produktuekin hornitzen da, jardunaldi feministetara gure elikagaiak ekarri ditugu eta urtean zehar auzo lanak antolatzen ditugu kanpokoek gure errealitatea ezagutzeko”.

Etxaldeko Emakumearen bozeramailearentzat, emakumeok gara nekazaritzaren eredu intentsibo eta kaltegarria aldatu ahal dugunak, batik bat geuk arduratzen garelako erosketak egiteaz eta sukaldatzeaz.

Horrela izan da betidanik, gainera. Emakumea izan da baserriaren, esplotazio txikien, zaindari. “Mundu guztiko emakumeei esker daukagu guk eredu hau hemen eta folkloretik harago daukan garrantzi politikoa eman bagenio baserriaren egoera ez zen gaur egungoa izango”. Dena den, garaiz gaude, agroekologia defendatzeko, lurra defendatzeko eta bizitza (letra larriz) erdigunean jartzeko esplotazioa eta irabazien gainetik.