Azken bi M8etako mobilizazio erraldoiek zer pentsa eman diete emakume feministei, bai Euskal Herrian, bai kanpoan. Denboraren perspektibak eta azterketa kolektiboan agertu diren ikuspuntu desberdinek gertakari horien gakoak eta erronkak definitzea ahalbidetu dute. Durangoko Jardunaldi Feministetan horretan sakonduko da, beste gai batzuen artean.
Orain dela egun batzuk horretaz guztiaz hitz egin zuen Itziar Gandariasek Iruineko Zabaldi antolatu zen 23. Elkartasun Hamabostaldian. Gandarias ‘Salda Badago’ talde motorraren partaidea da, Deustoko Unibertsitateko irakaslea eta Mujeres del Mundo-Babel eta Emakumeon Mundu Martxako kidea ere bai.
Bi zatitan banatu zuen agerraldia. Lehenengoan, azken bi M8etako klabeak zerrendatu zituen eta bigarrenean tentsioez eta erronkez hitz egin zuen. Gaur zehaztu zituen 5 gakoak aurkeztuko ditugu eta bihar planteatutako erronkak definituko ditugu.
Olatu feminista ez dela egun batetik bestera sortzen ideiarekin bat dator Gandarias. “Euskal Herrian ibilbide feminista luzea daukagu eta momentu honetan testuinguru desberdinean gaude. Beste gako batzuk daude munduko konplexutasunari erantzuteko eta Mugimendu Feministak asko dauka esateko”, esan zuen.
Gako horiek hauexek dira, Gandariasen hitzetan:
Feminismoak gizarte erreproduzioaren borroka erdigunean jarri du
Eguneroko bizitza politizatzen ari gara. Izan ere, feminismoak ugalketa-produkzioaren zatiketa apurtzeaz gain, eraldakaeta sozialaren ardatza eguneroko bizitzan jarri du. Politika ez da jada etorriko den zerbait zoragarria baizik eta garrantzia ematea eguneroko bizitzari. Gainera, borroka ez da bakarrik kaleetan gertatzen; espazio intimoetan -ohean, familian- ere gauzatzen da. Feminismoa mikropolitika egiten ari da.
Talde feministen autonomia eta deszentralizazioa
Azken M-8ko mobilizazioetan feminismo autonomoak kaleak hartu zituen, egitaraurik gabe eta era deszentralizatuan. Lehenengo grebak (2018koa) jendez gainezka erakutsi zituen kaleak eta interesgarriena zera izan zen: ez zen koordinazio zentralizaturik egon eta mobilizazioak taldez talde antolatu ziren. Zentralizaziorako joera daukagula ikusita, lorpen handia izan zen. Gainera, aniztasunaren aldeko apostua egin du mugimenduak gero eta anitzagoa dela ikusita. Horren kudeaketa oso zaila da eta ulertu behar da aniztasuna ez dela helburua, bidea baizik. Prozesua da, denbora eta baliabideak behar ditu eta guztiengandik gogoa eta lana eskatzen ditu. Pribilegio posizioan gaudenok lan gehiago egin behar dugu.
Subjektu politikoa etengabe birpentsatzen ari gara
Nora goaz? Subjektu zehatz bat behar dugu? Feminismoan zalantzan jarri dugu dena. Nortzuk diren subjektu politikoa eta nortzuk geratzen diren kanpoan eztabaidatzeak mugimendua egiteko aukera ematen digu. Emakume hitza oso motz geratzen zaie batzuei. Batzuk ez dute euren burua emakume ikusten eta ezbaian jartzen dute ‘emakume’ hitza. Esanahia zabaldu behar da.
Borrokatzeko modu berriak sortzen ari dira
Grebaren kontzeptua berrasmatu egin da, bai edukietan, bai egiteko moduetan. Lehenego aldiz, grebaren subjektua ez da izan soldatapeko gizon-langilea. Emakumeen grebak lan formalaren muga gainditu du eta 2018ko M8an sindikatuak ere deskolokatu egin zituen. Gainera, grebaren eremuak handiagotu egin dira lantegietatik harago: ikaskuntza zentroetara, kontsumora, eta etxeetara ere heldu da. Amaia Pérez Orozcok dioen moduan, “lehenengo aldiz bizitzatik eta ez merkatuetatik eraikitako greba izan da”. Horrek, merkatuek agintzen duten munduan, “izugarrizko balio sinbolikoa dauka”, Orozcoren aburuz.
Mugimendu Feministaren legitimazioa eta aitorpena
Emakumeen mugimenduaren arrakasta ikusita eragile askok feministekin bat egin nahi dute: instituzioek, alderdi politikoek… Gainera, ezkutuan egon diren debate batzuk eremu publikora eraman dira. Adibidez, gizonen papera. Hori leku guztietan eztabaidatu da: etxe barruan, watxap taldeetan. Gaia politizatu egin da.