Noemí Ostolaza Emakundeko idazkari nagusia Euskal Fondoak eta Euskadiko Saharar Ordezkaritzak Saharara egindako bidaia instituzionalean parte hartzen ari da egunotan. Ordezkaritza euskal erakunde publikoetako ordezkariek osatzen dute, eta egunotan saharar errefuxiatuen kanpamentuetan dago, Tindufen (Aljeria).
Bidaiaren helburua da errefuxiatutako sahararren errealitatea zuzenean ezagutzea, haien instituzio eta erakundeen lehentasunak eta eskaerak entzutea, eta Euskadik eta saharar herriak dituzten lotura politikoak, instituzionalak eta lankidetzakoak sendotzea.
Horrela, Noemí Ostolazak bilerak egin ditu Saharako Emakumeen Batasun Nazionalarekin (UNMS), Emakunderen eta erakunde horren arteko lankidetza-loturak sendotzeko. UNMS funtsezko erakundea da emakume sahararren eskubideen defentsan, haien ahalduntzea eta parte-hartzea bultzatzeko kanpainak eta dinamikak eginez. Erakundeak Emakundeko idazkari nagusiarekin eta gainerako parte-hartzaileekin partekatu ditu euskal lankidetzak babestutako lankidetza-guneei eta proiektuei esker lortutako aurrerapenak. Lankidetza horren zati handi bat UNMS Laguntzeko Euskal Sareari esker egin da.
Misio honek, halaber, euskal erakunde publikoek finantzatutako proiektu eta ekimenetan zeharreko hainbat ibilbide biltzen ditu, horien emaitzak, funtzionamendua eta aurre egin beharreko erronkak ezagutzeko helburuarekin.
Bidaia instituzional hau euskal erakundeek saharar herriarekin duten lankidetza eta elkartasunaren ibilbidearen barruan kokatzen da. Urteetan zehar eraikitako harremana, lankidetza-proiektuen, laguntza humanitarioaren, giza eskubideen defentsarako ekimenen eta udal-senidetzeen bidez.



