Plazatik ezin dut itsasoa ikusi

Azaroaren 27ra arte, Zelaieta Kultur Zentroko erakusketa-aretoak ‘Plazatik ezin dut itsasoa ikusi / No puedo ver el mar desde la plaza’ erakusketa hartuko du. Bostekoren XXIX. edizioko proposamen honek Maider Gonzalo, Zuhar Iruretagoiena eta María Muriedas artista garaikideen lanak bilduko ditu.

Arantxa Galilea Berasategui eta Mireya Moral Alzaga komisarioek ondutako erakusketak gorputza, keinuak eta sorkuntza-prozesuak jartzen ditu proposamen artistikoaren erdigunean. Argazkilaritza, bideoa, marrazketa eta eskultura baliatuz, hiru artistek materialekin, mugimenduarekin eta espazioarekin harremantzeko modu desberdinak aztertzen dituzte.

Erakusketak artelanetan beti agerian geratzen ez diren alderdiei erreparatzera gonbidatzen du: sorkuntza-prozesuan esku hartzen duten ekintzei, erabakiei eta lan egiteko moduei, hain zuzen ere. Lanek elkarrizketa sortzen dute hainbat praktika artistikoren artean, eta gorputzaren eta haren irudikapenaren arteko harremana ulertzeko ikuspegi berriak proposatzen dituzte.

Bosteko 2026 erakusketa ibiltaria da, eta Basauri, Amorebieta-Etxano, Getxo eta Leioa zeharkatuko ditu. Herrian egingo duen egonaldian, azaroaren 20an, bi bisita gidatu eskainiko dira: 18:00etan euskaraz eta 19:00etan gaztelaniaz.