Gloria Totoricagüenak jaso du Manuel Lekuona Saria

Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona Saria 2025 ekitaldia egin du gaur arratsaldean Gernika-Lumoko Kultur Etxean, eta Gloria Totoricagüenari eman zaio saria, Politika Zientzietan doktore eta euskal diasporaren ikerketaren arloan nazioarteko aditu nagusietakoari.

Ekitaldian parte hartu dute Imanol Pradales lehendakariak, Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako presidenteak, José María Gorroño Gernika-Lumoko alkateak eta Irene Larraza Aizpurua Etxepare Euskal Institutuko zuzendari nagusiak.

Totoricagüenaren ibilbide akademikoa eta dibulgatiboa aitortu da ekitaldian zehar, bere ikerlanak modu erabakigarrian lagundu baitu munduan zehar banatutako euskal komunitateen ezagutzan sakontzen eta Euskadiren kulturaren eta identitatearen nazioarteko proiekzioa indartzen.

“Euskadi Globala”

Saria akreditatzen duen Remigio Mendibururen eskultura jaso ondoren, Gloria Totoricagüenak azken hamarkadetan bere ikerketa-proiektuetan parte hartu duten pertsona guztiekin partekatu du aitortza hau. Bere hitzaldian, Boiseko Euskal Etxean izandako hastapenak ekarri ditu gogora, eta, ondoren, euskal diasporari eta identitateari buruzko ikerketak bultzatzeko erakunde, unibertsitate eta gobernu desberdinekin izandako lankidetza.

Ikertzaileak “Euskadi Globala” delakoaren balioa aldarrikatu du, hau da, hainbat herrialdetan euskal komunitatez eta Euskadiri lotutako pertsonez osatutako nazioarteko sarea. Era berean, komunitate global horrek ekintza kolektiborako duen gaitasuna indartzera animatu du, Euskadiren nazioarteko presentzia irmotzen lagunduko duten proiektu kulturalak, akademikoak eta sozialak bultzatzeko.