Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu eta Ikerbasqueko lehendakari Juan Ignacio Pérez Iglesias buru izan da gaur goizean, Donostiako Miramar Jauregian, Euskadin ikerketa-lanak egiten dituzten hiru emakumeri aintzatespenak emateko topaketan. Ekitaldian, Zientzia Politikarako zuzendariak Amaia Esquisabelek eta Ikerbasqueko zuzendari zientifikoak Fernando Cossiok ere parte hartu dute.
Era berean, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren ordezkariak, aitortza egin zaien zientzialariek lan egiten duten ikerketa-zentroetako arduradunak eta bigarren hezkuntzako ikasleak ere izan dira ekitaldia, besteak beste.
Euskadiko emakume ikertzaileak eta hauen lana ikusaraztea da ekitaldi honen helburua, emakume ikertzaileen belaunaldi berrien eredu eta inspirazio izan daitezen. Hartara, ibilbide zientifiko osoa, ikerketa-esparru bateko lidergoa eta ikertzaile gazte batek egindako ekarpen nabarmena aitortu dira.
Aurtengo edizioan, honako ikertzaile hauek jaso dute aitortza:
- Erreferenteen erreferentea, ikerketa-ibilbide oso bati egindako aitortza: Elena Palomo, Ikerbasque Research Professor ikertzailea eta CIC energiGUNEko Energia Termikoa Biltegiratze eta Bihurketa Arloko zuzendari zientifikoa.
- Lidergo zientifikoa, bere ikerketa-esparruan liderra den ikertzaile bati egindako aitortza: María Muñoz Caffarel, Biogipuzkoako Ikerbasque Research Associate ikertzailea eta Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuko bularreko minbiziaren taldeko burua.
- Goraka doan talentua, ikertzaile gazte baten ekarpen nabarmen bati egindako aitortza: Danila Merino, Euskal Herriko Unibertsitateko Polymat institutuko Ikerbasque Fellow ikertzailea.
Bere hitzaldian, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak azpimarratu du helburua ez dela soilik emakume ikertzaileek beren lankide gizonezkoen eskubide eta aukera berak izatea bermatzea, baizik eta zientziari egindako ekarpenagatik ikusgarritasun eta aitortza maila bera lortzea ere.
“Berdintasun hori benetakoa izan arte”, nabarmendu du, “Ikerbasquek eta zientzia-arloan diharduten erakunde guztiek honelako aitorpen-ekitaldiak sustatzen jarraitu behar dugu; izan ere, emakumeen talentua ikusgarri egiten dute eta sisteman oraindik dirauten desoreka historikoak zuzentzen laguntzen dute”.
Aitortza egin zaien emakume ikertzaile hauen hautaketan, Ikerbasquek ekoizpen zientifikoko datuen azterketa bibliometrikoa egin du, Euskadiko ikertzaileen azken ekarpen nabarmenak gogoan hartuz. Ebaluazio Batzordeak lehen aipatutako hiru maila horietan hautatutako 21 emakume ikertzaileren zerrenda hartu du oinarritzat eztabaidarako, eta hiru kategorietako emakume ikertzaileen maila zientifiko handia nabarmendu du, Euskadin emakume ikertzaileek egindako zientziaren potentzial handiaren isla, batzordearen esanetan.
Urteko aitorpenak
Ekimen hau Ikerbasqueren Berdintasun eta Aniztasun Planari atxikita antolatu da, izan ere, gizarte mailan berdintasunaren eta aniztasunaren erreferente izatea da planaren erronka, eta horretarako, emakume ikertzaileen artean urtero aintzatespenak banatzea aurreikusi du, beste hainbat ekintzaren artean.



