Maiatzaren 28an ospatzen da Emakumeen Osasunaren Nazioarteko Eguna, eta data horren harira, Amorebieta-Etxanoko Udalak jarduera programa anitza prestatu du herritarrentzat. Egitarauak emakumeen osasun fisiko eta emozionala lantzea du helburu, elikadura, kirola, menopausia eta ohitura osasungarriak bezalako gaiak ardatz hartuta.
Programazioa maiatzaren 19an hasiko da, Jana Ampurua nutrizionistak eskainiko duen produktuen etiketak irakurtzeko tailer praktikoarekin, Zelaietako kontzertu gelan. Ondoren, maiatzaren 26an, “Salud, nutrición y mujer” hitzaldia eskainiko du aditu berak Zelaieta Auditoriumean. Hurrengo egunean, maiatzaren 27an, “Mujer, salud y deporte” mahai-ingurua egingo da Zelaieta auditoriumean, hainbat emakume kirolari eta adituren parte-hartzearekin. Saioaren amaieran luntx osasungarria eskainiko da bertaratutakoentzat.
Bestalde, maiatzaren 25etik 29ra bitartean, martxa nordikoko tailerrak egingo dira Zubiondo parkean, Euskaditrek kooperatibaren eskutik, jarduera fisikoa eta bizimodu aktiboa sustatzeko helburuarekin. Halaber, euria eginez gero, tailerrak Gure Kirolak frontoian egingo dira. Martxa nordikoko txanda bakoitzean gehienez 25 emakumek parte hartu ahal izango dute. Lekurik gabe geratzen direnek hurrengo txandara itxaron beharko dute.
Egitarauak menopausiaren inguruko bi tailer berezi ere jasotzen ditu. Maiatzaren 28an, Amalia Holguínek “Elikadura trantsizio hormonalean: ongizaterako elikatzea menopausian” saioa eskainiko du, eta ekainaren 2an, Eliezer Ruizek “Bizitzako gorputza: osasun integralaren subiranotasuna menopausia ondoren” tailerra dinamizatuko du. Bi ekintza hauek aintzinako musika eskolan egingo dira.
Halaber, maiatzean zehar, Berbalapiko ekimenaren bidez emakumeen osasunari buruzko liburuak izango dira ikusgai.
Jarduerak doakoak izango dira, eta maiatzaren 28ko eta ekainaren 2ko tailerretan parte hartzeko aurretiaz izena eman beharko da udal webgunearen edo HAZ zerbitzuaren bidez. Gainera, Amorebieta-Etxanon erroldatutako emakumeentzat doako haurtzaindegi zerbitzua eta zeinu-hizkuntzako interpretea eskainiko dira, aurrez eskatuta.
Ekimen honen bidez, Amorebieta-Etxanoko Udalak emakumeen osasunaren inguruko kontzientziazioa indartu nahi du, ongizatea, prebentzioa eta bizi-ohitura osasungarriak sustatuz.



