Amorebieta-Etxanoko Udalak bat egin du Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin

Gaur, otsailak 11, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta testuinguru horretan, Amorebieta-Etxanoko Udalak data hau balioan jarri nahi izan du. Udalaren helburua da zientzia eta teknologia arloan diharduten edo jardun izan duten emakumeen lana ikusgarri egitea, eta horrez gain, aurkeztu dira 2026ko Marixelarre sariaren irabazleak, Zornotzako emakumeek STEAM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Arte-Diseinua eta Matematika) arloan egiten duten ikerketaren ibilbidea aitortuko duena, bai alor publikoan, bai pribatuan.

Harira, gaur goizean ospatu da Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela eta antolatutako prentsaurrekoa. Bertan izan dira Ainhoa Salterain, Amorebieta-Etxanoko alkatea, eta Jon Artabe, Berdintasun arloko zinegotzia, eta eurekin batera parte hartu dute Greenpower proiektuan dabiltzan neska gazte batzuek, zientzia eta matematika arloan udalerrian erreferente izan diren bi andereinok eta aurten Marixelarre saria jasoko duten emakume zientzialarietako bi emakumek.

Horien artean daude Maider Sierra, Basurtuko Ospitaleko Onkologia Erradioterapikoko mediku laguntzailea, brakiterapian eta erradioterapia egokitzailean espezializatua; Estibalitz Asua, Ingeniaritza Fisikoan doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanordea; Conchi Contreras Urrutia, Matematika, Fisika eta Kimikako irakaslea Lauaxeta Ikastolan; eta Marivi Terán, Matematika eta Fisikako irakaslea El Carmelo Ikastetxean. Emakume horiek erreferenteak dira beren arloetan, eta beren esperientzia eta udalerriko zientziari eta hezkuntzari egiten dioten ekarpena partekatu dituzte.

Aurkezpenean nabarmendu dutenez, Udalak Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna baliatu nahi izan du zientziaren eta teknologiaren esparruan diharduten emakumeen lana ikusarazteko, eta bereziki, udalerriko erreferente diren emakumeen ibilbidea balioan jartzeko.

Ainhoa Salterain alkateak honakoa azpimarratu du: “Gaurko egunak aukera ematen digu gure artean ditugun emakume zientzialarien lana ezagutzera emateko. Gertuko emakume hauek eredugarriak dira gure neska gazteentzat, eta horrelako ekitaldiek aukera eskaintzen dute belaunaldi ezberdinak elkartzeko eta motibatzeko.”

“Oraindik ere zientzian emakumeen lana ezkutuan geratzen da askotan. Horregatik, Marixelarre saria ezinbesteko tresna da ikusgarritasuna emateko eta gazteei mezua helarazteko: zientziaren eta teknologiaren bidean ere, emakumeek lekua dute eta izan behar dute.” – adierazi du Jon Artabek, berdintasun zinegotziak.

Udalak iragarri duenez, 2026ko Marixelarre saria STEAM esparruan ikerketan diharduten herriko emakumeek jasoko dute. Testuinguru horretan, prentsaurrekoan parte hartu duten bi emakume zientzialariak etorri dira saridunen ordezkari gisa, Amorebieta-Etxanon emakume zientzialariek egiten duten lana ikusarazteko eta belaunaldi berriei erreferenteak eskaintzeko helburuarekin. Sari-banaketa martxoaren 8an izango da, 13:00etan, Zubiondo parkeko karpan egingo den ekitaldian.

Saria jasotzeko epea zabalik dago, eta aitortza honekin identifikatuta dauden emakumeek euren hautagaitza aurkez dezakete HAZ zerbitzuan. Horretarako, ezinbestekoa da STEAM arloan aritzea eta ikerketa-jarduerak garatzea, bai unibertsitateetan, ikerketa-zentroetan, bai teknologia-enpresetan

Amorebieta-Etxanoko Udala guztiz konprometituta dago emakumeen eta nesken parte-hartzea sustatzearekin zientzia eta teknologia arloetan, eta horretarako, garrantzitsutzat jotzen du bertako emakume zientzialarien lana aitortzea, hurbileko ispilu eta motibazio iturri bihurtuz belaunaldi berrientzat.