Bizkaiko Batzar Nagusiek euren bildumatik ateratako 20 emakume artistaren beste horrenbeste artelan batu dituzte beren egoitzan aurkezten duten erakusketa batean. Prestakuntza akademikoa atzean itxi eta gero, artearen munduan euren karrerak hasten ari ziren emakumeek mende honetan sortu eta eskuratutako obra da. ‘XXI. mendeko emakume artistak. Hemen gaude!’ erakusketak lurraldeko emakume artista guztiei egindako omenaldia izan nahi du. Maitzaren 26ra arte egongo da zabalik, 08:00etatik 20:00etara astelehenetik ostiralera.
Erakusketak Dora Salazar Romo, Leire Sánchez Osta, Mari Puri Herrero Martínez de Nanclares, María Cortina Álvarez, Sandra Rilova, Nekane Manrique Mezquita, Andrea Abalia, Lide Kaltzada Uriagereko, Aitana Campo García, Raquel Asensi, Damaris Pan Vega, Claudia Aguinaga, Estíbaliz Ortiz de Laiseca, Angela Rivas Pascual, Mara Ona Lapiedra, Leire Lacunza Miranda, Paula Huarte Cosin, Amaia Molinet, Andrea Plaza Blanco e Ihintza Arakistain Lopategiren lanak eskaintzen ditu.