kasle Sindikatuak greba feminista deitu du martxoaren Martxoaren 8rako. Pandemiaren aurreko formatua errekuperatu nahi duten lehen elkarteetakoa da Euskal Herrian. Katalunyan ere grebarako deialdia egin dute erakunde batzuek.
Komunikatuaren izenburuan argi utzi dute nondik sortzen den bortizkeria: “Kapitalismoa emakumeon aurkako indarkeria da”. Izan ere, eurentzat arazoaren sustraia sistema horren “zapalkuntza ekonomikoa, ideologikoa eta generokoa” da. Hori dela eta, “matxismoarekin amaitzeko, ez da nahikoa matxismoa salatzea edo, besterik gabe, legeria aldatzea” haren iritziz.
Sindikatuak datuak gogoratzen ditu arazoaren larritasuna erakusteko. “2003an erregistro ofizialak hasi zirenetik hilketa matxista gehien izan diren hilabete gisa igaroko da oroimenera 2022ko abendua. Joan den urtean, bi adingabe eta 49 emakume hil zituzten euren bikotekideek, bikotekide ohiek edo aitek Estatu mailan” deitoratu du.
“Gu hiltzen jarraitzen dute eta hemen ez da ezer aldatzen”
Kasu horietako ia erdietan salaketak jarrita zeuden aurretik eta bostetan ustezko babes neurriak zeuden, baina ez zituzten erailketak eragotzi. “Jasanezina da. Gu hiltzen jarraitzen dute eta hemen ez da ezer aldatzen. Egoera oso bestelakoa litzateke biktimak, emakumeak izan beharrean, gotzainak, bankariak, politikariak edo epaileak balira”.
Emakumeen aurkako indarkeriak hazkunde kezkagarria duen bitartean, “estatu aparatuak eta epailetza matxista eta klasistak hori baimentzen eta babesten dihardu, hemen nork agintzen duen argi utzi nahi baitute”.
‘Soilik bai da bai’ legea
‘Soilik bai da bai’ legearen aurkako “ofentsiba erreakzionarioa” ikusten du Ikasle Sindikatuak eta horrek “gerra deklaratu digutela” erakusten du. “Togadun eskuindar horiek, Vox eta PPko buruzagiek bezala, epai larriak dituzten bortxatzaileak babesten dituzte, seme-alabak erasotzaileen eskuetan uztera behartzen dute, abortatzeko eskubidearen aurka jotzen dute eta euren homofobia eta transfobia mugarik gabe barreiatzen dute” adierazi du idazkian.
Arazoa sistema dela, ondorioztatu dute. “Nazkatuta gaude, emakumeen aurkako indarkeriak ez baitu etenik, nahiz eta PSOE-UPren Estatuko Gobernuak adierazpenak egin eta lege berriak atera. Kontraesankorra dirudi hilketen gorakada lege feminista gehien tramitatzen ari direnean gertatzea. Baina ez da. Matxismoarekin amaitzeko ez da nahikoa matxismoa salatzea edo, besterik gabe, legeria aldatzea. Arazoaren sustraira jo behar da, hots, kapitalismoak eragiten duen zapalkuntza ekonomikoa, ideologikoa eta generokoa borrokatzera, eta aurre egin behar zaie parez pare eskuin muturrari, Eliza Katolikoari eta instituzioetan gotortuta dauden frankistei”.
Indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko “dauden baliabide ekonomiko izugarriak mobilizatu behar dira, horiek kapitalisten, enpresaburuen eta proxeneten jabetzatik kendu eta premia sozialen eta zapalduenen zerbitzura jarri, langile klaseko emakumeak alegia” exijitu dute.
Erkidego autonomoko hiriburuetan antolatu dituzte manifestazioak Martxoak martxoaren 8rako. 12:00etan irtengo dira, Bilbon, Arriaga plazan; Donostian, Boulevarden, eta Gasteizen, Andra Mari Zurian.