Hirurogeiko hamarkadan, Estatu Batuetan feminismoaren 2. Olatua hasi zenenan (batzuentzat, 3. Olatua zen), argazkilari estatubatuarra, kale argazkian aitzindaria, Garry Winograndek emakumeen jarrera aldaketak ekarri zuen gizarte eraldaketa dokumentatu zuen. Egin zituen argazkiekin, 1975ean, ‘Women are Beautiful’ argitalpena argitaratu zuen, eta haren 85 irudiek osatzen dute Donostiako San Telmo Museoak eskaintzen duen izen bereko erakusketa.
Pasa den mendeko hirurogeiko hamarkadan, sexu-liberazio mugimenduaren harian, Betty Friedanek ‘Feminitatearen mistika’ argitaratu zuen Estatu Batuetan. Milioi bat ale baino gehiago saldu zituen. “Emakume askoren atsekabea –eta haren ondorioak– atera zituen plazara, etxekoandrearen, idazkari arretatsuaren, maistra arduratsuaren edo erizain pairakorraren bizitza loriatsua beste xederik ez izateko ikuspegiaren aurrean. ‘Hori al da dagoen guztia?’ idatzi zuen Friedanek. Airean zegoen galdera. Hasi besterik ez ziren egin feminismoaren bigarren olatua eta iraultza sexuala”, azaldu du Gloria Crespok katalogoan.
Sektore feministaren kritikak
1960 eta 1975 artean, Garry Winongrandek emakume seguru, libre, errebelde, sentibera, alai eta eder batzuen sentipena islatu zuen. “Une hartako gauzarik interesgarriena emakumearen irudia bilakatu zela zirudien -gehitu du Crespok-, eta hantxe zegoen sen handiko argazkilari hura, bere kameraren aurrean berez agertzen ari zen iraultza hura atzemateko prest”.
85 irudi liburu batean bilduta geratu ziren, erakusketan ikus daitezkeen berberak, Lola Garridoren bildumak ekarritakoak. Sektore feminista batzuetan orain arte iraun duten kritika eragin zuten argazkiek, emakumea ‘objektibatzeagatik’ eta ‘esplotatzeagatik’.
Hala ere, Winogranden emakumeak ederrak badira, beren espazioa betetzen dutelako da, hain zuzen ere, haren jabe direlako, ez biktima. Egunaren argitan jantzita bainatzen ziren iturri batean; amazona-bularra zuen hegodun izakiaren jantziarekin ateratzen ziren parrandan; ezpainetan zigarroa estutzen zuten oinez zebiltzan bitartean; txutxu-mutxuka aritzen ziren bankuetan; zuhaitz baten itzalpean irakurtzen zuten; dantza egin eta gozatu egiten zuten seme-alabak zaintzen zituzten bitartean. Bazekiten zer ezkutatzen zuten, eta zer erakutsi nahi zuten erabakitzen zuten. Azken batean, bizi egiten ziren”, dio Crespok.
“Argazkiak ateratzean bizitza ikusten dut”
Argazkilariak berak zioenez, “argazkiak ateratzean bizitza ikusten dut. Eta horri egin behar diot aurre”.
Cresporen arabera, “Winograndentzat argazkia mutua da; batek ez daki egiazki zer gertatzen ari den. ‘Ongi deskribatzea’ zen argazkilari gisa zuen erantzukizuna, erantzunik ematen ez zuen enkoadraketa baten barruan, giza komedia galdera harrigarrien eta kontraesan ugari eta zoragarrien bidez adierazten den esparrua. Hala, gero zer gertatuko den jakiteko irrikan egongo da beti bere obraren ikuslea”.