Gipuzkoako historiako gizon handiek duten ohorezko espazioan kokatu da lehenengo aldiz emakume baten eskultura. Elbira Zipitriarena izan da, ikastolen aitzindaria. Abenduan bere heriotzaren 40. urteurrena beteko da.
Artelana Lurdes Umerez artista azkoitiarraren brontzezko figura bat da eta pasa den ostegunean ipini zen foru jauregiaren ohorezko patioan Elkano, Urdaneta, Zuazola eta beste pertsonaia historiko batzuen ondoan.
Markel Olano, ahaldun nagusiaren iritziz, “hutsune historiko bat” bete da. Zipitriaren dizipulu Kontxita Beitia andereñoak azpimarratu zuen ideia bera: “Euskal hezkuntza irauli zuen emakumea ez zen gizon; hala izan balitz, aspaldi edukiko zuen gaur egun eman zaion tokia”.
Euskal kulturarentzat oso emakume garrantzitsua izan zen Elbira Zipitria. Zumaian jaio zen 1906ko maiatzaren 28an eta 76 urte zituela 1982ko abenduaren 26an hil zen.
Txikia zela, familia Donostiara joan zen bizitzera. Bertan lortu zuen Lehen Mailako Irakaskuntzako titulua. Berehala Muñoa Jaunaren Ikastetxean 6 urtera arteko neska-mutilei eskolak ematen hasi zen.
Etxe-eskola eta gau-eskola
Idoia Fernandez ikertzaileak ‘Elbira Zipitria, euskal eskolaren izen mitikoa’ artikuluan dioenez, “Gerra Zibila hasi zenean Iparraldera joan eta, 1942an Donostiara bueltatu arte, Antonio M. Labaienen seme-alabei klaseak ematen jardun zuen. Urte batzuetan klase partikularrak ematen ibili ondoren, 1946an Fermin Calbeton kalean ezarri zuen bere eskolatxoa (etxe-eskola) orduko hezkuntza legeak 9 urtera arteko eskolatze arauek ahalbidetzen zutenarekin jokatuz”.
1969ra arte mantendu zuen etxe-eskola klandestinitatean hainbat gurasoren laguntzarekin. Horiei ere eskolak ematen zizkien gauez. Urte horretan Gipuzkoako Gobernu Zibilak etxe-eskolen debekua ezarri eta legeztatu beharra derrigortu zuen. Gainera, garai horretan sortu zen gaur egun ezagutzen dugun ikastola eredua.
Euskera eta pedagogia berritzailea
Eta eredu hori agian ezinezkoa izango zen berak landatu zuen hazia garatu izan ez balitz, ez bakarrik euskara irakaskuntzako komunikazio-hizkuntza hartu zuelako baizik eta sistema pedagogiko berritzaileak ere ezarri zituelako.
Berarekin praktikak egin zituzten bi andereñok hala azaldu zuten Zipritiak martxan jarri zuen sistema: “…Eseritzen zinen eta ikusi nola egiten zuen lana, eta pasatzen zitzaizun ohartu ere egin gabe denbora! (..).Beste ikasle bat bezela, lurrean eserita eta hantxe, dena berri-berria zen, niretzako izan zen dena berri-berria, osea, normaletik atera anormala bezala eta orduan hara joan eta ikusi..”; “Orduan zen noski, horrela, lurrean, kanikakin, baino zein matematika zen hura!, inork ez zekiena, kolegiorik eta sonatsuenetan ere inork ez zekien bezalakoa. Izugarria, izugarria, hori niretzat izan zen (..) Pentsa! urtebete pasatzen genuen hori ikusten, eta agian ez zen nahikoa, eta magisterio osoa egina genuen, eta hiru urtez magisterion praktikak egiten genituen e?. Gero oposaketak ere prestatu genituen eta hala ere zeharo gauza berri bat, ba nik uste ezagutu genuenoi sekula ahaztuko ez zaiguna”.
Nortasun handia
Nolakoa zen Elbira Zipitria? Fernandezek egindako erretratua: “Gure ustez, nagusiki bere garaiko emakumea izan zen, euskal pizkundea gertatzen hasi zenean jaiotakoa eta nazionalismoaren urterik emankorrenetan gazte izan zen emakumea, ideia eta mugimendu ezberdinen arragoa, alegia”.
Oso nortasun handiko emakumea ere izan zen. Emakume Abertzale Batzako militante konprometitua bezala nazionalismoaren zabalkundean eragin handia izan zuen. Ikusi besterik ez dago Donostiako EABko eraketa saioaz Policarpo Larrañagak esan zuena: …”Y el formidable mitin en el frontón Urumea sin precedentes en Donostia, con una asistencia calculada en 25.000 personas, a cargo de los brillantes oradores patriotas Mercedes de Kareaga, Elvira Zipitria, José Antonio Aguirre”.
Aldundikoa ez da emakume aparta honek jasoko duen omenaldi bakarra. Kontxita Andereñoak zera aurreratu du: “Adi udazkena aldean. Joango gara iragartzen ekitaldiak gerturatzen diren heinean. Laster arte! Eta bitartean… Bixi bizi!”