Kanak

Zenbat buruko min ematen digun ileak emakumeoi! Zenbat burukomin ilerik ezak gizonei!

Eta urdintzen zaigunean? Zenbat bider entzun ote dut “ile gris horrekin askoz ere zaharrago dirudizu”.

Egia esan, ilea koloreztatu edo natural eraman inork ez dit daukadan urte pila kentzen. Zaharra naiz eta pozik nago, zeren eta, denak ez dira nire adinera heltzen. Hainbat lagun galdu ditut bidean.

Joan dira 20 urte ilea tintatzeari utzi nionetik eta, bake santua; askoz merkeago ileapaindegiko kontua eta kaltegarria izan daiztekeen produktu gutxiago larru azalean. Aitortu behar dut pozarren nagoela hartutako erabakiaz.

Halere, denek ezin gauza bera esan. Badira erabaki berak faktura pasatu dien emakumeak ere. Egun hauetan irakurri dut Kanadako kazetari famatuena ordezkatu egin dutela ilea tindatzeari utzi diolako. Kanadako telebistan 35 urtez kazetari izan ondoren, Lisa Laflammek ikusi du bere kontratua deuseztatu egin dela «kanak uzteagatik»

Lisa, Kanadako instituzio bat zen munduko herrialde garatu eta aberatsenetako bateko telebistan, eta horregatik, berriak hautsak harrotu ditu eta asko eta asko geratu dira harrituta: 58 urteko Lisa LaFlamme kaleratu egin dute, Kanadako telebistako ikusle gehien dituen gaurkotasun-saioetako baten aurkezle postutik.

Twitter-en argitaratutako bi minutuko bideo batean, kazetariak dio bere kaleratzea «kanak uzteagatik» gertatzen dela, eta horrek sareen haserrea eragin du gai sakon baten aurrean: emakumeek eskakizun profesional zorrotzak dituzte, lanbidean ez eze, alderdi fisikoa ere inbaditzen dutenak.

Horrek zer pentsa eman dit. Zer gertatuko ote litzateke ETBko emakume aurkezleren batek erabaki bera hartuko balu? Gizon burusoilak ikusten ohituta gaude gure telebistan, kana bat edo beste ere agerian dituzte zenbait gizon aurkezlek, baina emakumeek?

Gaur egun ez dakit Lisaren adineko emakumerik dagoen gure telebistetan. Gazteagoak direla esango nuke gehienak, baina adin horretara helduko balira eta kanak utziko balituzte?

Auskalo.