Hilaren 25ean izango den Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Abadiñoko Udalak aterki lilekin argazkiak aterako ditu, indarkeria matxista salatzeko eta horren gaitzespen irmoa erakusteko eta kaleetan ikusgai jartzeko. Berdintasun eta Aniztasun Sailak hainbat jarduera programatu ditu, eta parte hartzeko eta elkarretaratzeetara hurbiltzeko dei egin die herritarrei.
Hala, hilaren 25ean stand mugikor bat (photocall) egokituko da, indarkeria matxista salatzeko aterki lilekin argazkiak ateratzeko, horiekin sareak gaitzespen mezuekin bete ahal izateko. Parte hartzen duten pertsona guztiei “salaketa” aterki lila oparituko zaie, euria egiten duen egunetan emakumeenganako indarkeriaren aurkako jarrera kalean erakusten jarrai dezaten. Photocall-a 11:30etik 13:30era egongo da Ferialeku plazan (Zelaieta) eta 16:00etatik 19:00etara Trañabarrenen (Matiena).
Arratsaldean, Udalak bat egingo du Mugimendu Feministak deitutako manifestazioarekin, 19:30etik aurrera, Trañabarrenen. “Emakumeen kontrako indarkeria emakumeen eta gizonen arteko botere-harreman desberdinen eta emakumeen kontrako diskriminazioaren adierazpen bat da. Ezinbestekoa da emakumeentzat bizitza duina eta segurua izateko oinarrizko eskubidea berreskuratzea”, azaldu du Rosa Miguel Berdintasun eta Aniztasun zinegotziak.
Azaroaren 25eko egitarauaren barruan, Maite Redin, Adriana Olmedo eta Maitane Perezekin antzerki komedia bat eskainiko du Errota Kultur Etxeak ostegun honetan, hilaren 18an, 19:00etan. ‘Con fajas y a lo loco’, afterhour baten teilatuan xuxurlaka eta barrez ari diren bi emakumerekin hasten da. Animalia estanpatuak dituzten minigonen atzean, koloretako galtzerdiek eta takoiek faja itogarri bat ezkutatzen dute. Horrela hasiko da euren bizitzako gaurik zoro eta dibertigarrienetako bat. Berba egingo dute, kantatuko dute, barre egingo dute, edango dute, negar egingo dute… eta pixkanaka lau emakumeren istorioa xehatzen joango da. Gonbidapenak aldez aurretik jaso daitezke Errota Kultur Etxean eta Udal Mediatekan.
Informazio-zerbitzua
Udalak AbadiñoSex zerbitzua eskaintzen du etengabe. Bi ardatz ditu: sexu- eta afektibitate-hezkuntza eta indarkeria matxistaren prebentzioa. Hori garatzeko, ikastetxeetan esku hartzea (ikasleekin, irakasleekin, gurasoekin eta langile-plantillarekin), aurrez aurreko arreta eta sentsibilizazio-kanpainak barne hartzen ditu. Informazio-bulegoak astelehenetan ematen du arreta, 17:00etatik 19:00etara, Pinoko lokaletan.
Bestalde, Beldur Barik, EAEko erakundeek bultzatutako programa bat da, gazteen artean indarkeria sexista prebenitzera bideratua, eta bere helburua gazteekin batera hausnarketak eta eztabaidak sustatzea da, gizarte matxista berdintasunezko gizarte bihurtzeko. Hilaren 26an, 12 eta 26 urte bitarteko gazteentzako ikus-entzunezko lehiaketaren sari banaketa egingo da. Beldur Barik webgunearen bidez jarraitu ahal izango da.