Kasilda Hernáez feminista eta iraultzailearen figura aldarrikatu nahi du Goitibera konpainiak, ‘Kasilda, bukatzen ez den sua’ antzezlanaren bidez. Aldi berean, emakumeen ekarpenari, memoria historikoari eta euskarazko antzerkiari “gizartean merezi duten lekua” ematea dute erronka.
Antzezlana Eibarko Coliseo Antzokian estrainatuko da (19:00) datorren ostiralean, Saioa Iribarren zuzendaritzapean. Errepublikaren 90. urteurrena da aurten eta iragarri zuen lehenengo herria Eibar izan zen, hain zuzen ere.
Hernáez Vargas emakume iraultzaile euskaldunak, guda zibilean eta bere bizitza osoan zehar ideia libertarioen eta bizimodu naturalen alde borrokatu zuen.
Goitibera Antzerkiakoek azaldu dutenez, emanaldiak plano ezberdinak tartekatuko ditu: Kasildaren bizitzaren kontakizuna, narratzaileen ikuspuntua eta plano onirikoa.
Donostia faxisten aurka defendatu zuen. Fronteko lehenengo ilaran borrokatu zuen
Kasilda emakumeen lantegi batean greba egiteagatik atxilotu zuten. Zurriola hondartzan nudismoa egiteagatik ezaguna izan zen. 1934ko urriko greba iraultzailean 29 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Donostia faxisten aurka defendatu zuen. Fronteko lehenengo ilaran borrokatu zuen. Pirinioetan barrena Frantziako muga pasa zuen eta kontzentrazio esparruetan egon zen.
‘Euskal kontsulatua’
Bordelera joan zen bizitzera eta bere etxea frankismoaren eta nazismoaren aurkako erresistentziaren gune izan zen, ‘euskal kontsulatua’ bezala ezaguna izan zen. “Baina historiaz harago istorioari emango zaio garrantzia, Kasildaren izaera ezagutzera emango digun istorioa”, zehaztu dute.
Narratzaileak pertsonaietatik irteten direnean Kasildaren istorioaren inguruan galderak egingo dute datu historikoak emanez edota euren arteko harremanak zein euren pentsamendu sakonak agerian utziz.
Azkenik, plano onirikoari dagokionez, zenbait kasutan errealitatetik distantzia handiagoa hartuko du eszenak eskatzen duen trataera poetiko eta abstraktuagoa garatzeko.
Emakumeon borroka
Antzezlanak emakumeon borroka azpimarratu nahi du: “Aurkezten dugun ikuskizunak emakumea dauka ardatz. Alde batetik, ezagutzera eman nahi dugun pertsonaia historikoak bere bizitza emakumeen borrokara eta borroka sozialetara dedikatu zuelako eta bestetik lantalde gehiena emakumeek osotzen dutelako”.
Memoria historikoa lantzea da beste helburu bat. “Guda zibila orain dela oso gutxi gertatu zen eta jadanik ahazten hasiak gara. Gero eta gutxiago dira historiaren kapitulu latz hura bizi izan zutenak, eta datozen belaunaldiak horren testigantzarik gabe haziko dira”, diote Goitiberakoek.
Horregatik konpromiso irmoa hartu dute: “Guk daukagu beraz kontaketa horren erantzukizuna. Gu gara memoria historikoaren gotorle”. Eta euren apustua “euskarazko antzerki, sakon, poetiko, eder eta dibertigarria” izan da.