Euskal Herriko hainbat emakume musikarik eta Donostiako Teila Fabrikak, Musika Bulegoaren laguntzarekin batera, Euskal Herriko Emakume Musikarien Topaketak antolatu dituzte martxoaren 27rako, larunbata, Teila Fabrikan.
Azaldu dutenez, urtebete igaro da Gernikako Astran #elkarrekinegonginen topagunea egin zutenetik, ia ehun emakume bildu ziren bertan, diotenez, aurrez Euskal Herrian ehun emakume musikari baino gehiago zirela jakin gabe. Azaldu zutenez, ugariak izan ziren bertan askatu zituzten “sentipenak, frustrazioak, kexak, gogoak eta ametsak”.
Ordutik hona, ez dira gutxi izan bururatu zaizkien hausnarketak. “Elkarrekin lanean jarraitzeko gogoak piztuta, Donostia inguruko emakume* musikariak elkartu gara, arlo honetan dauden erronkei elkarrekin nola aurre egin pentsatu eta bide berriak sortzeko”, azaldu dute. Horrela, Euskal Herriko emakume* musikarien topaketak antolatzea erabaki dute ‘Ez da entzuten!’ musika zikloaren baitan.
“Musika arloan mugitzen bazara eta esperientziak elkarbanatzeko gogoz bazaude, come and play. Martxoaren 27an ikusiko dugu elkar, 11:00etatik 17:30era bitartean Teila Fabrikan”, adierazi dute.
Topaketan izena emateko: teilafabrika.eus/agenda/
Berri hau Kultur Shareak argitaratu du.