Abadiñoko Berdintasun Sailak Euskal Herriko emakume baserritarren historiari buruzko ‘Erroa eta geroa’ dokumentala eskainiko du bihar Errota Kultur Etxean eta solasaldi bat ere egongo da.
Pelikulak 30 minutuko iraupena du eta hainbat belaunaldi eta lurraldetako emakume baserritarren hausnarketak, kexak, kritikak eta bizipenak jasotzen ditu. Batzuk Durangaldekoak dira. Dokumentala 18:00etan eskainiko da, eta ikusi nahi duenak gonbidapena jaso behar du Errota Kultur Etxean nahiz Txanportan.
Etxaldeko Emakumeak-en partaidea den Maribi Ugarteburuk, dokumentalaren egileetako batek, ‘Sorginatxurrak’ irratsaioan azaldu zuenez, “zer harik josi zitzakeen” emakume horien perspektibak, kezkak eta bizipenak jakin nahi zuten eta “nahiz eta lagin txikia hartu” (10 emakume agertzen dira) “kezka batzuk amankomunak dira”.
Tertuliarako materiala
Dokumentalak Hego eta Ipar Euskal Herriko egoeraren desberdintasunak erakusten ditu. Hegoalden eten bat egon da belaunaldien artean eta askok abereen eta lurraren kudeaketa ahal zuten moduan ikasi dute. Iparralden, ostera, testuinguru politiko, sozio-ekonomiko eta kulturala oso bestelakoa izan da, “laborantza bizirik matendu da eta hor eztabaida bat sortu da eredu desberdinen artean”.
Ikus-entzuneko lanaren autoreek ez dute baserriko lana idealizatu nahi, ezta ondoriorik atera ere. “Lanak ez dauka moralejarik eta kezka asko uzten digu airean, tertuliarako material bezala, bai baserritarrei, bai mugimendu feministako kideei begira”, gehitu zuen Ugarteburuk.
Erakusketa Matienan eta Zelaietan
Ekitaldia osatzeko, ‘Baserri Munduan’ emakumeek egiten duten lanari buruzko erakusketa bat egingo da Matiena eta Zelaietako kaleetan, urtarrilaren 29tik otsailaren 8ra bitartean. Berdintasun zinegotzi Rosa María Miguel Perezek, azpimarratu zuenez, bi ekitaldi horien helburua da emakume baserritarren lana zabaltzea eta sustatzea erreferente bat sortzeko belaunaldi berrientzat eta gazteen interesa pizteko lurrari eta naturaren zikloei lotutako bizitzari buruz”.