700 euroko isuna feminista bati Bilboko Udaltzaingoaren kotxe bat “zikintzeagatik”

Bilbo Zaharreko Galtzagorri taldeko feminista batek 700 eurotik gorako isuna jaso du 2020ko martxoaren 8an Udaltzaingoaren kotxe bat purpurinaz ‘zikintzeagatik’.

Taldeko kide bik ‘Berria’ egunkarian argitaratuko idazki batean “adierazpen feministen aurkako jazarpena eta zigorra” salatu dute.

Diotenez,  Martxoaren 8an, Bilboko emakumeak auzoetatik abiatzen diren zutabeetan antolatzen dira, Kale Nagusian bat egiteko. Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako emakumeen topagunea San Frantzisko enparantza da.

Egun horretan plaza emakumez gainezka zegoen, “horietako asko ileorde more, konfeti, pankarta, aldarrikapen mezu eta airera botatzeko purpurina eta guzti”. Giro horretan, purpurina moreak Udaltzaingoaren auto bat apur bat zikindu zuen, eta, horren ondorioz, “bizilagun batzuk identifikatu gintuzten”. Ekintza hori “guztiz neurrigabea iruditu zitzaigun, baina pentsatu genuen ez zela momentuko deserosotasunetik harago iritsiko”.

Baina duela egun batzuk identifikatutako kideetako bati kontu korrontea bahitu zioten 700 eurotik gorako isuna ez ordaintzeagatik.

Haserre

Horrek haserre handia eragin du Alde Zaharreko feministen artean eta Udalari egotzi diote erantzukizuna: “Martxoaren 8a egun berezia da feministentzat, eta horrela izan beharko litzateke beren diskurtsoetan genero-berdintasuna eta indarkeria matxisten aurkako borroka txertatu dituzten euskal erakundeentzat, batez ere Pekinen duela 25 urte egindako adierazpenetik eta ekintza-plataformatik abiatuta. Erakunde horien funtsezko zati bat euskal polizia da, auzoetako bizilagunen zerbitzura egon beharko lukeena, hurbilekoa izan beharko lukeena eta giza eskubideak betetzen direla zaindu beharko lukeena”.

Eta galdera erretoriko bat egin dute: “Polizia-auto bat apur bat zikintzeagatik Martxoaren 8an militante feminista bati isun bat jartzea bat dator printzipio horiekin?”

Galtzagorrirentzat zigorra auzoan jada sufritzen dutenei gehitzen zaien arazoa da. “Gure auzoetan batez besteko errenta eta bizi-itxaropena Bilboko txikienetakoa da, eta langabezia eta pobrezia tasa, altuenetakoa. Baldintza sozioekonomiko kaltegarri horiekin batera, azken urteotan gentrifikazio eta turistifikazio prozesu kezkagarria jasaten ari gara, alokairuak garestitzen eta funts putreen jarduerak bultzatzen ari baitira, beste ondorio larri batzuen artean. Pandemiak, gainera, nabarmen handitu du poliziaren presentzia”.