400.000 euro berdintasun-planak enpresetan sustatzeko

Gobernu Kontseiluak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen ebazpen bat onartu du, 400.000 euroko dirulaguntzen deialdia egiten duena. Ebazpen honen bidez, 2024. urtean empresa, erakunde pribatuei, kooperatibei eta irabazi asmorik gabeko entitateei dirulaguntzak emateko deialdia egiten da, aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatu ditzaten, emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko diagnostikoak eta berdintasun-planak egiteko.

Dirulaguntza zuzenduta dago, batetik, 10-150 pertsona bitarteko plantilla duten erakundeei beren lehen pausoetan laguntzera, enpresaren barruan lehen berdintasun-diagnostiko eta -planak diseinatzen hastean, plan eta programa horiek diseinatzean beharko dituzten baliabide materialez, ekonomikoz eta giza baliabidez hornituz. Era berean, irabazi-asmorik gabeko erakundeei laguntzea du helburu, baldin eta, gutxienez, 10 pertsona badituzte plantillan, eta aldez aurretik berdintasun-planak ezarri badituzte, eta horiek egokitu behar badituzte indarrean dagoen legeriara. Eskabideak aurkezteko epea 2024eko otsailaren 16an amaituko da, egun hori barne.