17 erakunde elkartu dira emakumeak zientzian bistaratzeko

Hamazazpi euskal erakundek aurkeztu dute urtez urte handituz doan ‘Emakumeak Zientzian’ proiektua, eta, horrela, ekimenaren helburuekiko konpromisoa berretsi dute: zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direlako ustea apurtzea eta neskek eta nerabeek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzea.

Otsailaren 11n ospatzen den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunerako programa zabala antolatu dute. Egun horretatik 18ra bitarteko astean, egingo dira ‘Emakumeak Zientzian 2022’ ekimenaren ekintzak Donostian. Era askotako jardueraz osatutako eskaintza egongo da, ‘Zientzia bada nesken kontua’ mezua ahalik eta pertsona gehienei helarazteko eta zientziaren eta teknologiaren eremuan sarbide eta garapen profesional berdinzalea lortzeak duen garrantzia azpimarratzeko.

Antolatzaileek adierazi dutenez, adin guztietako jendeak izango du ekimenean parte hartzeko aukera. Esaterako, familientzako Zientziaren Izarrak esperimentu-tailerrak eskainiko dira Eureka! Zientzia Museoan; altxorraren bila joko ezagunean oinarritutako Zientziaren Altxorra jokoa, eta Piztu! Emakumeon energia antzezlan dibertigarria eskainiko da.

Nerabeentzako ingeniaritza eta  nanozientzia tailerrak, eskolek mahai-inguru batean parte hartu eta zenbait ikerketa-zentro bisitatzeko aukera izango dute; baita irakasleentzako orientazio akademikoarekin lotutako saio berezia ere, etorkizuneko belaunaldientzat erreferentzia izango diren eredu errealak aurkezteko helburuarekin guzti horiek.

Emakume helduek kulturaren transmisioan duten zeregina balioesteko, 55 urtetik gorako emakumeentzako tailerrak antolatu dira. Esperientziaren boterea izenburua du ekintza horrek: zenbait esperimentu labur eta erraz helaraziko zaizkie, edozein lekutan egiteko modukoak, kultura zientifikoa familietan eta gure inguruneetan ibil dadin.

Emakume ikerlariak, oholtzara

Halaber, publiko orokorrarentzako saio berezi bat antolatu da Zinema eta Zientzia Zikloaren baitan. ‘Gorilas en la Niebla’ filmaren lau proiekzio egingo dira Donostian, Gasteizen, Bilbon eta Iruñean. Bestalde, urtetik urtera errepikatzen den ‘Emakume Zientzialariak Atzo eta Gaur’ zientzia-ekitaldia izango da, Victoria Eugenia antzokiko Club Aretoan.

Gipuzkoako hainbat ikerketa-zentroetan lan egiten duten sei emakumezko igoko dira oholtzara beren ikerketei buruz hitz egiteko eta historiako emakume zientzialari handietako batzuk omentzeko, haien bizitza liluragarrien eta ekarpen zientifikoen berri emanez.

Halaber, bi erakusketa ere bisitatu ahal izango dira, bat ‘Eureka!’ Zientzia Museoan eta beste bat Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoaren eraikin nagusian. Gainera, berrikuntza eta proba pilotu gisa, Donostian, ekimen bat jarri dugu abian, hiriguneko saltoki batzuekin elkarlanean, erakusleihoetan beren ibilbide bikainagatik nabarmentzen diren emakumezko zientzialariak omentzeko. Elhuyarrekin, Donostiako Sustapenarekin eta San Martin Auzoarekin batera egindako lanari esker lortu da ekimen hau.

Jarduera-programa osoa ikusgai dago www.emakumeakzientzian.eus webgunean. Jarduerak aurrez aurrekoak, birtualak edo hibridoak izango dira.