Zinemakumeak gara! Bilboko zine jaialdiak 25. edizioa beteko du aurten eta sei film luzeren estreinaldi eta film laburren aukeraketa bikaina eskeiniko ditu. Horretaz gain, beste herri batzuetara helduko da, hain zuzen, Portugalete, Zalla eta Basaurira.
Atzo hasi zen festibala eta 14ra arte iraungo du Bilboko hiru gunetan: Bilborocken, Campos Eliseos antzokiko Cupula Aretoan eta Azkuna Zentroko auditoriumean. Sarrerak salgai daude Zinemakumeak gara!-ren webgunean
Kultura eta feminismoa
Efemerideak kulturaren eta feminismoaren lubakiei buruzko hausnarketa egiteko eta pandemiak esparru horietan eragindako ondorioei buruz eztabaidatzeko balioko du.
Jaialdia Ana Gorostizak, Carmen Urruelak, Mari Luz Isasik eta Carmen Rellosok (Simone de Beauvoir Talde feministako militante historikoek) bultzatu zuten.
Inaugurazio saioa atzo izan zen. Gaurko emanaldia Bilborock aretoan izango da eta Kelly Reichardten ‘River of Grass’ (18:00etan) eskainiko dute Jaione Cambordaren ‘Arima’ (19:30ean) filmarekin neurtzeko, saio bikoitz bikain batean. Euskal zuzendaria bertan izango da.
‘Wanda’, zinema independientearen giltzarria
Bihar ere, Bilborocken, programazioko film nagusietako bat estreinatuko dute 19:00etan: ‘Wanda’ filma, Barbara Lodenena, zinema independente amerikarraren historian giltzarria, eta izen handiko -Isabelle Huppert, Dardenne anaiak eta John Waters, esate baterako- pertsonaientzako erreferentziazko lana.
Urriaren 12an, astelehenean, Bilborock aretoan, jarduerei ekingo zaie, Julie Dashen ‘Daughters of the Dust’ filmaren emanaldiarekin (18:00etan). Azken urteotan, Beyoncé bezalako pertsona ospetsuek parte hartu dute film fetitxe horretan.
Emanaldiaren ostean, Marcelle Mardonek eta Azalak elkarteko kideek (arrazakeriaren aurkako borrokan afroondorengoak dituzten familien elkartea) ‘Kultura, identitatea eta immigrazioa’ osatzen duten ardatz hirukoitzaren inguruko solasaldian parte hartuko dute.
Urriaren 13an, Campos Eliseos antzokiko Cúpula Aretoan, Ana Carrasco Conde filosofoak, Edurne Portela idazleak eta Laura Casielles kazetari eta poetak mahai-inguru batean hartuko dute parte: ‘Kulturatik eraiki al daitezke beste etorkizun batzuk?’ (19:00etan).
Ondoren (19:45ean), Paula Consen ‘La isla de las mentiras’ filma estreinatuko da, eta ondoren zuzendariak solasaldi batean hartuko du parte.
Bideo esperimentalaren tailerra
Urriaren 14an, eta Azkuna Zentroko auditorioan, aurtengo edizioari luxuzko amaiera emango zaio erakustaldiaren 25 urteko historiari buruzko dokumental batekin (19:00etan). Ondoren (19:25ean), Zinemakumeak gara! ekimenaren sortzaileetako batzuek hitzaldi-topaketa batean hartuko dute parte. Carmen Urruelak, Maria Luz Isasik, eta Ana Gutierrez zuzendariak hitz egingo dute. Ana Hormaetxea gidoilaria moderatzaile arituko da. ‘My Mexican Bretzel’ denboraldiko filmik harrigarrienetako bat proiekatuko da erakustaldia burutzeko (20:00etan), eta, horren inguruan, solasaldia izango da, Nuria Giménez Lorang zuzendariarekin.
Aldi berean, Zinemakumeak gara! ekimenak Basauri, Portugalete eta Zallara hurbilduko du programazioaren zati bat, 2021ean Bizkaiko beste herri batzuetara zabaltzeko asmoa duen ekimenaren barruan, eta ikus-entzunezko tailer bat eskainiko du berriz ere (bideo esperimentalari eta zinematografiari buruzkoa), Beatriz Sánchez artista eta performerrak ECCBIko (Bilboko Zinematografia Sortzeko Eskola) geletan, zapatuan.
Eusko Jaurlaritzak, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak babesten dute jaialdia, BBKrekin batera.