Jendetza bildu zen larunbat gauean Bilboko Alde Zaharreko Ormaetxe tabernaren aurrean sumisio kimikoak eragindako bortxaketa bat salatzeko, ‘Auzo honetan bortxatzaileentzat lekurik ez!’ lelopean.
Neska batek taberna horretako gerentea salatu zuen, zeinek droga bat erabili zuen neskaren borondatea deuseztatzeko eta sexu-abusuak egin ahal izateko.
Ez da Alde Zaharrean horrelako gertakariak salatzen diren lehengo aldia. Iturribideko tabernari batek ere gutxienez sei salaketa ditu modu bera erabiltzeagatik zerbitzariez abusatzeko.
Beste eraso batzuk
Bilboko gune horretan talde bortxaketa bat ere egon zen pasa den irailean. Bilbo Zaharreko Kalamiak talde feminista kalera irten zen erasoa salatzeko eta antolatutako kontzentrazioan Iturribideko bortxaketak eta beste hiru Solokoetxen, Prim kalean, eta Begoñako eskilaratan ere salatu zituen. Esan zutenez, “zoritxarrez badakigu auzoan emakumeen kontrako erasoak askoz gehiago izan direla”.
Autodefentsa feminista aldarrikatu zuten, “kontzientzia hartu eta geure buruak defendatzeko tresna gisa”. Emakumeak “subjektu aktibo” izaten gonbidatu zituzten, “bai maila kolektiboan, bai norbanako gisa, erasoei eta indarkeria matxistari erantzuteko”.