Pentsiodunen mugimenduak manifestazio jendetsuarekin amaitu zuen larunbatean mobilizazioen astea. Duela egun batzuk, hain zuzen, pentsioen erreforma aurkeztu da eta, euskal jubilatuen ustez, ez ditu euren eskakizunak betetzen, horien artean 1.080 euroko gutxieneko ordainsaria. Borrokan jarraituko dutela iragarri dute.
Mugimenduaren beste helburu batzuk dira, komunikatu batean azaldu dutenez, soldatetan eta pentsioetan dagoen genero-arrakala desagerrarazteko neurri eraginkorrak eta alarguntza-pentsioak % 100a izatea.
Beste jomugak hauek dira:
- Gutxieneko pentsioa handitzea, Europako Gutun Sozialaren nahikotasun-irizpideak lortu arte, 1080 eurotik hasita.
- EAEko eta Nafarroako gobernuek gutxieneko pentsioak 1080 eurora arte osatzea.
- Pentsioen erreformen murrizketak indargabetzea, 2011koa barne (65 urterekin erretiroa berreskuratzea eta 15 urte pentsioa kalkulatzeko aldirako)
- Soldaten eta pentsioen erosteko ahalmenaren galera berreskuratzea eta, horretarako, pentsioen konpentsazio-ordainsaria berrezartzea.
- 40 urte kotizatuta dituzten erretiro aurreratuaren koefiziente murriztaileak indargabetzea.
- Pentsioak bermatzea kalitatezko enplegua eta soldata duinak sortuz, pentsioen sistema publikoa
Salatu dutenez, indarrean dagoen pentsio sistemak ez du bizi-maila duina bermatzen, “batez ere emakume erretiratuen kasuan, haien batez besteko pentsioak gizonenak baino % 36 txikiagoak baitira”.
Izan ere, “EAEn eta Nafarroan, azken igoera % 8,5ekoa izan ondoren, 167.943 pentsiodunek EAEn eta 51.358 Nafarroan, 1080 eurotik behera kobratzen dute eta bereziki emakumeei eragiten die”.
Energia eta elikagaien garestitzea
Beste arazo bat energia eta elikagaiak bezalako oinarrizko baliabideen prezioen igoera da eta ”finantza- eta energia-oligopolioen onurak handitzeko” baino ez dutela balio uste dute. Bitartean, adinekoen eta pentsiodunen bizi-baldintzek okerrera egiten dute.
“Gero eta zailagoa da etxebizitzetako erosotasun-baldintzak mantentzea, osasuna, elikadura osasuntsua eta arreta eta zaintza zerbitzuak bermatzea. Pentsioak, soldatak eta zerbitzu publikoak aberastasunaren banaketa desberdinaren paganoak dira, eta politika publikoen bidez aberatsak gero eta aberatsagoak dira gehiengo sozialaren kontura”, deitoratu dute.