Emakunde Saria, 2022ko edizioan, On-giz: ezberdinen elkartearentzat izan da. Irabazi-asmorik gabeko elkartea da, eta hamarkada bi baino gehiagoz maskulinitate berrien inguruan lan egin du, gizon-talde ugari sortuz, eta, ondoren, emakumeekin ere hasi da lanean.
Emakumeekin osatutako taldeetan, emakumeen ahalduntzea eta lidergo pertsonala eta kolektiboa lantzen dira, eta, bestalde, gizonekin osatutako taldeetan gizonen dominazioaz, sexismoaz eta patriarkatuaz jabetzea lantzen da, baita maskulinotasun hegemonikoaren oinarri diren botere- eta lehiakortasun-harremanez jabetzea ere.
Epaimahaiak On-gizek gizon-taldeekin, emakume-taldeekin eta talde mistoekin egindako lana baloratu du, “maskulinitate eta feminitate hegemonikoen ereduak birpentsatu eta deseraikitzeko eta genero-identitate alternatibo, askatzaile eta ez-hegemoniko berriak eraikitzen laguntzeko”.