Orain dela 15 urte erail zuen durangar batek Ofelia Hernández.
Andereak elkarteko partaideok, Ofeliaren erailketaren harira sortutako indarkeria matxistaren aurkako elkartekideok, omenaldi bat egin nahi diogu Ofeliari, haren izena ahaztuta gera ez dadin.
Ofelia Durangoko indarkeria matxistak eragindako biktima kontabilizatuen artean dago, baina biktima gehiago ere izan dira Durangon eta egun honetan denak gogoratu nahi ditugu.
Emakume bat irailtzea, emakume izateagatik soilik, ohikoa da gure gizartean, baina ez dugu horrelako gertaeretara ohitu behar. Halere, badirudi feminizidioak naturalizatu egin ditugula eta horrek arduratu egiten gaitu.
Indarkeria fisikoa ez litzateke posible elikatzen duten beste indarkeria mota batzuk ez baleude: egiturazko indarkeria, gizon eta emakumeen arteko hierarkia sortzen duena, beti ere emakumeon kaltetan, edota, indarkeria zuzena zuritzen duten indarkeria kulturala, arauak eta tradizioak .
Ez dugu gure udalerrian indarkeria matxistak sortutako beste erailketarik nahi, hori dela eta, eskatzen diegu gure erakundeei, Udalari, Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, benetako konpromisoa har dezaten, aurrekontua barne, indarkeria matxista errotik mozteko.
Jendarteari ere dei egiten diogu edozein eratako indarkeria matxista errefuxa dezan eta genero bereizketa gabeko mundu baten alde borroka dezan, pertsonen arteko hierarkiarik gabe, non bakoitzak bere buruaren adierazpen librea izango duen, rolik eta estereotipo barik.
Andereak elkartea