Alaitz Melgar Agirre irakasle barakaldarrak irabazi du 2023ko Tene Mujika beka bere amama zenaren bizitza ikertu nahi duen proiektu batekin. Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuak saritzen ditu Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolaturiko beka honek.
Josefa Aguirre Echeverria 1927an jaio zen Azpeitian. Etxe pobreko garaiko neska asko bezala, neskame joan zen gaztetxoa zela, Donostian etxea zuten espainiar aristokrata batzuen etxera. Horraino, aski istorio ohikoa. Ezohiko osagariak ere baditu historia honek ordea: Ingalaterrara lanera joan izana, haurdun geratzea ezkondu gabe, eta krisi mentalek psikiatrikora eramatea. Isilpean geratzen direnak argira ekarri nahi ditu haren iloba Alaitz Melgar Agirrek, bere partikularrean balio unibertsala ere hartu nahi duen ikerlan honen bidez.