Nazioarteko lankidetzan egiten dituzten sexu abusuak agerian geratu ziren 2010ean, Haitiko emakumeek –adingabeek barne- egindako salaketen ondoren. Akusazioak NBko kasko urdinei eta Oxfameko langileei egin zizkieten. Lurrikararen ondoriozko kalteak konpontzeko joandako langile, soldadu eta goi-kargu batzuek emakumeak bortxatu zituzten eta kooperazioaren funtsak prostitutak erostera bideratu zituzten.
Egun hauetan, abusu kasu gehiago ezagutu dira Kongon ebolaren aurkako borrokan. Kasu honetan, Oxfameko langileez gain, OME, UNICEF, Mugarik Gabeko Medikuak, Nazio Batuen Migrazioen Erakundea, World Vision eta Alimako lankide eta boluntarioak salatu dituzte.
Trauma
Ebolaren ondorioz senarra galdu zuen emakume batek hotel batean bortxatu zutela esan zion ‘The Telegraph’ egunkariari. Estigmatizatuta zegoen birusarekin kontaktuan egonda, eraso sexuala gertatu eta gero, “laguntzaren ordez, trauma handiagoa lortu nuen”, azaldu zuen.
Beste emakume batzuek lan baten truke sexu harremanak izatera behartu zituztela esan zuten edo kaleratu egin zituztela ezetza eman eta gero.
“Oso ohikoa zen gizonak eta biktimak hoteletara eramatea; supermerkatuan janaria erostea bezain normala zen”
Erasoak andra askok pairatu zituztela azpimarratu zuen 44 urteko emakume batek. Ezin zuten gizonen herritartasuna identifikatu. Dena den, herri desberdintetatik etorritakoak ziren, hala nola Belgika, Kanada, Frantzia, Burkina Faso, Ekuatore Ginea eta Boli Kostatik, adierazi zuenez.
Txofer batzuek salaketak baieztatu zituzten. “Oso ohikoa zen gizonak eta biktimak hoteletara eramatea; supermerkatuan janaria erostea bezain normala zen”, aitortu zuen horietako batek.
Medikuak, administratzaileak eta osasun langileak
Gizonak medikuak, administratzaileak eta osasun langileak ziren eta txofer ofizialek eramaten zituzten emakumeak hoteletara, etxeetara eta bulegoetara, beste lau gidarik baieztatu zutenez.
La Vanguardiako korrespontsala Afrikan Xabier Aldekoak twitteren esan zuen emakume gehienak garbitzaileak eta sukaldariak zirela, eta ohiko soldataren bikoitza jasotzen zutela.
Nesketako bat ebolatik bizirik atera zen eta tratamendu psikologikoa behar zuen. Bi emakume haurdun geratu ziren. Askok diote ez zirela salatzera ausartu. Salaketa gehienek, 51 denuntziatatik 30ek, Osasunaren Mundu Erakundea (OME) seinalatu dute.
Inplikatutako erakundeek salaketak ikertzen ari direla diote eta ez dutela horrelako jokabiderik onartuko. Ez dute azaldu zer berme eskainiko duten.