Guk, Emakumeen Mundu Martxako militanteok, NATOk munduan egiten duena salatu nahi dugu: Mendebaldeko kapitalaren tresna da, eta munduko milioika pertsonaren bizitzari eta herrien subiranotasunari erasotzen dien sistema kriminal bat ezarri eta indartzea du helburu. Bloke sozialistari aurre egiteko bitarteko gisa sortu zen, eta, harrezkero, kapitalaren zabalkuntza militar, ideologiko eta ekonomikorako baliatu da.
Feminista antikapitalistak garen aldetik, gure agendak bizitzaren defentsa erradikala du ardatz, eta aurre egitea bai merkatuen erasoari eta bai horiek gure bizitzan, gorputzetan eta lurraldeetan esplotazioa, indarkeria eta espoliazioa ezartzeko dituzten mekanismo hertsatzaile eta militarrei.
Antiinperialistak garen aldetik, NATOk, inperialismoaren tresna horrek, pilatze- eta desjabetze-prozesu kapitalistan duen egitekoa salatu nahi dugu. Antiinperialismoa funtsezkoa da, justizian, berdintasunean, bakean eta elkartasunean oinarritutako mundu bat eraikitzeko aukera emango duen feminismo herrikoi bat garatzeko.
Kapital transnazionalaren berrantolaketa
Gaur egun, kapital transnazionala berrantolatzen ari da; alegia, irauteko bideak bilatu behar ditu, bizi duen muturreko egoera dela eta: ondasun komunen espoliazioa, inoizko handiena; emakumeen eskulanaren eta ordaindu gabeko lanaren esplotazioa; dimentsio anitzeko krisiak (klimatikoa, elikadurakoa, finantzarioa eta zainketakoa), eta arrazakeriaren areagotzea. Zenbait herrialdetan, herri-mugimenduak aurre egiten ari zaizkie eskuin-muturreko indarrei. Indar horiek, gatazka geopolitikoek bultzatuta, Estatu Batuen hegemonia mehatxatzen dute, zeina, bestalde, krisi larrian baitago murgilduta.
“Munduko oligarkiek gerra-ekonomiaren aldeko apustua egin dute berriro ere”
Testuinguru horretan, munduko oligarkiek gerra-ekonomiaren aldeko apustua egin dute berriro ere, helburutzat harturik, pilatzen eta aberasten jarraitzea ez ezik, gizartean diziplina eta kontrola ezartzea ere. Agertoki horretan betetzen du NATOk inperialismoaren aldeko bitarteko-eginkizuna, alde batetik, militarizazioaren logika ezarriz eta, bestetik, kapitalaren agenda inposatzeko borroka kultural eta ideologikoaren bidez, bereziki.
Feministak garen aldetik, badakigu logika militarrak eta kapitala desjabetzeko logikak eragin handiagoa dutela emakumeen bizitzan, bizitzari berari egiten baitiote eraso. Izan ere, emakume langileok arduratzen gara, planeta osoan, bizitza ugaltzeaz, baita krisi ekonomikoen garaian Estatuak zeregin horren zati bat bere gain hartzen duen lekuetan ere. Hain zuzen, hortik kentzen dira lehenbizi baliabideak, eta hor eragiten dute lehenbizi murrizketek.
Militarizazioaz eta gerra-gatazkaz gain gerra ideologikoa eta ekonomikoa jasaten duten estatuetan, emakumeoi (gure gorputzari eta bizitzari) eragiten digute ondorioek aurrena, kapitalak aberasten jarraitzeko martxan jartzen dituen gatazketan ikusten dugunez.
NATOko estatu kideen zeregina salatzen dugu; izan ere, herriak alde batera utzi eta oligarkien aginduen aurrean makurtuta, kapitalismoa indartzen eta zabaltzen dute mundu osoan, NATOren politikari jarraituz. Gainera, munduan egitura hori zabaltzeko edo sendotzeko aliantzak egiten dituzten guztiak ere salatzen ditugu.
Gaur egun, gerra bat bizi du Europak, Mendebaldeko kapital transnazionalaren interes ekonomikoek eta Errusiaren —oligarkiaren esku dago— erantzun militarrak sustatuta. NATO gerra horretaz ari da baliatzen, Europan eta Afrikan hedatzeko prozesua bizkortu nahian, bai AEBak berrindartzeko, gerrako ekonomiari esker, bai kapitalismoa berrantolatzeko eta haren agenda munduan ezartzeko.
“Krisian dagoen sistema honek, ahalik eta irabazirik handiena lortu nahian langile-klasearen lepotik, bizitzaren kostuak igotzen ditu”
Eta zertarako ari dira agenda hori erabiltzen? Bada, gero eta handiagoa den haserre soziala geldiarazteko. Haserre horrek arrazoi argia du: krisian dagoen sistema honek (kapitalismoak), ahalik eta irabazirik handiena lortu nahian langile-klasearen lepotik, bizitzaren kostuak igotzen ditu, herritarrak —bereziki, emakumeak— gero eta gehiago pobrearaziz.
NATOren gailurraren aurrean, logika horrekin bat egiten duten Europako gobernuen jarrera salatzen dugu, oligarkiaren interesen aurrean makurtzeaz gain prest baitaude interes horiek baliabide publikoen bidez finantzatzeko — adibidez, gastu militarra BPGd-aren % 2raino handitu dute—. Gobernuek armetan, zaintza-teknologietan eta mugetan inbertitzen dute, eta, bien bitartean, desberdintasunak eta bizitzaren prekarietatea areagotu egiten dira.
Hedabideen paperaren salaketa
Nazioarteko mugimendu feminista garen aldetik, salatu egiten ditugu hedabideek hegoalde globaleko lurraldeetako gatazkak eta gerrak ezkutatu eta normalizatzeko egiten dituzten saiakerak. Militarizazioa eta gerrak sistematikoki jasaten dituzte lurralde horiek, eta nabaria da gatazken helburua zein den: lurrak eta natura-baliabideak bereganatzea.
Kapitalak bizitzari erasotzen dion gerra-ingurune horretan, Emakumeen Mundu Martxak bizitzaren jasangarritasuna erdigunean jartzen duen agenda politikoaren alde egiten du. Ugalketa sozialerako zerbitzu publikoak merkatutik kendu eta zabaltzeko borrokatzen gara, elikadura-subiranotasunaren alde, eta, gure interdependentzia eta ekodependentzia onartuta, egungo erreprodukzio- eta kontsumo-ereduan egiturazko aldaketak egiteko.
Bakea eta desmilitarizazioa Emakumeen Mundu Martxaren sortzetiko konpromisoak dira, baita gure elkartasun internazionalista eta herrien subiranotasunaren eta autodeterminazioaren aldeko borroka nekaezina ere, uste baitugu kapitalismo arrazista eta heteropatriarkalari aurre egiteko baldintzak direla.
Mundu osoko emakumeei dei egiten diegu bakearen eta desmilitarizazioaren aldeko borroka indartu eta zabaldu dezaten, inperialismoari aurre egin diezaioten eta bizitzaren jasangarritasuna erdigunean jartzeko mundu baterako baldintzak sor ditzaten.
Bizitzeko borrokan, eraldatzeko martxan!