IV Nazioarteko Konferentzia Marxista Feminista Bilboko Bizkaia Aretoan izango da 2020ko urriaren 15, 16 eta 17an. Programa egiteke dago baina eztabaidaren lerro nagusiak definituta daude jada. Gainera, zenbait teorikok euren parte hartzea baieztatu dute eta horien artean Nancy Fraser dago.
Antolatzaileek diotenez, Marxismo feminismoari buruzko nazioarteko konferentziak Berliner Institut für kritische Theorie (InkriT)-eko sail feministan du bere jatorria, hain zuzen, Frigga Haug soziologo eta filosofo alemaniarraren inguruan.
Lehenengo konferentzia Berlinen izan zen 2015. urtean, Vienan hurrengoa 2016an eta Lunden (Suedia) hirugarrena, 2018an.
Bilboko laugarren nazioarteko konferentzia Transform! Europe, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), Iratzar Fundazioak, Critical Theory Bilbo-Barcelonak (BIBA CT), InkriT-ek, Rosa Luxemburgo Fundazioak eta ParteHartuz-ek antolatu eta finantzatuko dute.
Ardatz tematikoak
Ezarri diren ardatz tematiko nagusiak hurrengoak dira:
- Sindikatuak eta mugimendu sozial-politikoak (hacktibismoa barne). Artikulazio eta estrategia berriak.
- Korronteen arteko elkarrizketa kapitalismo heteropatriarkal, arrazista eta kolonialaren aurrean: feminismo marxista, feminismo materialista, klase feminismoa, feminismo beltza, feminismo komunitarioa, feminismo dekoloniala eta poskoloniala, lesbofeminismoa, anarkofeminismoa eta bestelako marko analitiko-propositiboak.
- Intersekzioaren auzia: generoa, sexualitatea, arraza, klasea eta bestelako gurutzadurak.
- Balioen eta bizitzaren ekoizpena: analisiak eta eredu alternatiboak.
- Lurraldeak, dekolonialitatea, subiranotasuna eta askapena nazionalerako borrokak XXI. mendean.
- Ekofeminismoa eta ekosozialismoa.
- Gorputzak, diskurtsoa eta materialitate disidenteak.
- Hizkuntza, kulturgintza, artea eta estetika.
- Estatua, botere eratzailea eta legedi antikapitalista-feminista.
- Eskuinaren altxamendua eta feminismoaren eta sozialismoaren kontrako olatua.
Momentuz oinarrizko hizlari parte-hartzea baieztatu dutenak, Nancy Fraser-ez gain, Cinzia Arruzza, Tithi Bhattacharya, Lorena Cabnal, Elsa Dorlin, Francesca Gargallo, Frigga Haug eta Gayatri Spivak dira. Horiek egingo dituzten saioez gain, Euskal Herriko Mugimendu Feministarekin eta langile klaseko emakumeen eragile berriekin mahai inguru bat izango da.
Aktibisten ekarpenak
Antolatzaileak prest daude aktibista, akademiko eta mugimendu sozialetatik datozen artikulu, panel eta tailer proposamenak jasotzeko, bereziki mugimendu feministaren, sindikatuen, langile klaseko emakumeen eragile berrien eta talde militante autonomoen eskutik badatoz. Proposamenak bidaltzeko epea 2020ko martxoaren 15a arte egongo da zabalik.
Konferentziaren batzorde zientifikoan honako izen hauek daude: Frigga Haug (Inkrit), Teresa Larruzea (BIBA CT), Günes Ozgür (BIBA CT y Colletivat), Gayatri Spivak (Columbia University), Jule Goikoetxea (BIBA CT, EHU), Cynthia Arruza (New School NYC University), Monica Clua (University of Texas Rio Grande, BIBA CT), Andoni Olariaga (Iratzar Foundation, BIBA CT), Elena Beloki ( Iratzar Foundation), Nora Räthzel (Inkrit Umeå University) eta Erika Rosa (Rosa Luxemburg).