Durangoko Andraguneko irakurle taldearen ikasturteari amaiera emateko ‘Basa’ liburuari buruzko literatura solasaldia burutuko da datorren asteazkenean, ekainak 19, 18:00etan. Bertan Miren Amuriza autorea eta Maite Berriozabal gai-jartzailea egongo dira. Saio irekia da.
‘Basa’ eleberriak adineko emakume baserritar bat protagonista du. Amurizak Igartza saria irabazi ostean ondu du lana, eta zaintzaren gaineko ikuspegi ezberdinen talka agertu du. Hiru hitzetan, «trinkoa, hautemangarria eta zuzena» bezala definitu du liburua. «Nobela labur bat, bizia, ahal beste soildua». Erritmoa biziagotuz eraiki du kontakizuna; aurrera egin ahala, gorantz doa tentsioa, abiadura, protagonistaren itomena. Liburuaren «soinu munduak» ere islatzen du giroak egiten duen bidea: ospitale gela bateko hustasunean abiatzen da, non izara gaineko marruskadura ere entzuteko modua den; eta, kontrastean, baserri bateko sukaldea ageri da amaieran, non irratia piztua den, telebista, ur txorrota, fluoreszentearen dardara, zaunkak…